Hondarribia Kultura ekimena agenda soil bat baino gehiago da, hori da behintzat Udalaren nahia. Momentuz hilabeteko agenda kulturala osatu dute udako sasoi bete-betean, baina negu osoa daramate hausnartzen, epe luzerako kulturaren aldeko apostua modu kolektiboan egin nahian. Udal agintarien asmoa da «herriko eragileekin eta sortzaileekin partekatzea», eta horrekin batera, «herria saretzen duten auzoak kultur jardunaz elikatzen». Ortzi Alonso, Kultura hautetsiak gogoratzen duenez, udaberrian iada hainbat ekimen burutu ditu Udalak herriko kultur eragileekin batera Hondarribia Kultura lelopean. Muliaten, Judas Arrietaren eskutik Kandido Saseta plazako horman auzolanean egindako muralaren ekimena adibidez.
Horiek hala, heldu den asteburuan kultura herriko kale eta plazetara eramango dute, Hondarribia Kultura ekimenaren aurkezpen ekitaldi gisa, Gipuzkoa Plazan, Kasino Zaharrean, Erreginaren Baluartean, San Nikolas zubian edota Arma Plazan izango dira hainbat ikusgarri eta kontzertu. Izan ere, Udalak iragarri duenez, «haize berriak dabiltza Hondarribian eta lelo berri bat gure ahotan: Irudi berria Kultura bizia». Herriko kultur eskaintza zabala irisgarriagoa eta inklusiboagoa egin nahi dute. Eta «ahaztutako espazioak berreskuratzeko eta herritarrengandik hurbilago» eskaintzeko helburua du.
«Kultura arloan herritarrak erdigunean jarri nahi ditugu», azpimarratu du Ortzi Alonsok. Eta hausnarketa horren neguko sukaldeko lana egin dutela aitortu digu, eta jarraituko dutela zin egiten du hautetsiak. Eskaintza hori ematerakoan eta programazioa antolatzerakoan herritarra ez ezik, bertako artista eta sortzaileak erdigunean jarri nahi dituzte. Eta oraingo honetan, hain justu, eskualdeko jendeak ere parte hartuko du goi mailako kartelan. Besteren artean, Myriam Perez Cazabon irundarra gonbidatu dute, dantza garaikidea, soinu artea, arte plastikoak eta ipuin kontaketak uztartzen dituen “NUNAVUT” proposamen hibridoa aurkeztera. Baina Euskal Herri mailako artista erreferentzialak bilduko ditu aurkezpen jaialdiak ere. Besteren artean, Gari, Ruper Ordorika edota Idoia Asurmendi abeslariak.
Uda bete-betean, Udalak kultur eskaintza berrasmatu eta bere asmoen aurkezteko balio izango du ere Hondarribia Kultura aurkezpen jaialdiak. Izan ere, bisitaria ongi etorria izango da eta haientzat ere antolatua bada, baina beste arloetan bezala, kulturan ere erdigunean jarri nahi dugu herritarra eta bertakoa.
Bi eguneko jaialdia izango da, eta ikuskizun guztiak aire zabalean herriko txoko desberdinetan gozatu ahal izango dira muxu truk, hurrengo egitarauan zehaztu duten bezala. Halere, eguraldia aldrebestuko balitz, kontzertuak Itsas Etxera lekuz aldatuko lituzkete.
Uztailak 12 (Ostirala)
18:00tan (Gipuzkoa Plazan)
Musik&Art
19:00tan (Kasino Zaharra)
Dantza, Nunavut. Miriam Perez.
20:00tan (Baluartea)
Ines Osinaga. “Itsasoa da bide bakarra”
22:00tan (Agustina Etxeberria Plaza)
Zinema kalean. Sing Street, 2016 John Carney.
23:00tan (Gipuzkoa Plazan)
Rüdiger
Uztailak 13 (Larunbata)
12:00tan (San Nikolas zubia)
Sandra Cuesta. Light Dive
13:00tan ( Polborina)
Antzerkia. Butterfly Effect.
18:00tan (Arma Plaza)
Vaivén circo. “Anonima”
19:00tan (Gipuzkoa plazan)
Gari & Maldanbera
21:00tan (Baluartea)
Ruper Ordorika
23:00tan (Gipuzkoa plazan)
Idoia Asurmendi