Abotsanitz eta EHBilduk osaturiko Hondarribiko Udal Gobernuak agintaldi plana aurtengo urtarrilean aurkeztu bazuen, urtebete pasa da jadanik Igor Enparanen taldea agintean denetik. Hala, gardentasunaren izenean eta hitz eman bezala, lehen urtearen balorazioa egin du gaur Udal Gobernuak, 145 puntu dituen agintaldi plana hartu, eta jadanik bete diren, betetzen ari diren edo hasi gabe diren lanak zerrendatuz.
Planaren %60 pasatxo martxan dela adierazi du Enparanek, horren %20 jadanik betea delarik. Gainerateko %40 aldiz, heldu diren hilabeteetan hasi eta datozen hiru urteetan betetzeko engaiamendua berretsi du.
Azken urtebetean bete dituzten puntuetan, Berdintasun Arloa sortu eta teknikaria kontratzea, hiru haur parke estaltzea, Mendeluko auzo bulegoa izanen dena erosi izana, UEMAn sartzea, udal langileen aldiberekotasuna murrizten hasi eta OPE bidez 5 administrari kontratatzea, Hondarribia Kultura markaren bidez kultur ekimenak auzoetara hedatzea edo Santiago kaleko lanak martxan jartzea daude. Modu berean, agintaldi planak hasieran 142 puntu bazituen, 145 ditu orain, Igor Enparanek azaldu duenez “plan bizia eta dinamikoa” den heinean.
Gardentasuna ahoan, kanpaina eta oposizio garaiko kontzeptua ere berreskuratu du Enparanek gaurkoan, “alfonbrak astintzearena”. Izan ere, hainbat akusazio egin dizkio EAJren gobernua zenari: “Udal barne funtzionamenduan aurkitu ditugun hutsune, gabezia eta antolamendu ez efizienteak gure proiektuak martxan jartzeari ohikoak diren oztopoak baino zailtasun handiagoak planteatu dizkigu”. Oztopo horietan, aurrekontuen kudeaketan argitasun eza, udal funtzionamenduan barne araudi eta prozeduren “falta totala”, langileen aldibaterakotasun tasa “izugarria, kopuruz murritza eta estrukturatu gabea”, “2012tik galduak ziren espedienteak” aurkitu izana edo udal ondasunak zehazki zein diren inbentariatua ez izatea, jabetzak “deskubritzen joanez”.
Helburu gehiago urtea bukatu aitzin
Datozen helburuei dagokionez, HAPOan aitzinatzea, Kasino zaharreko kafetegia irekitzea, hiri barneko autobusa martxan jartzea, hainbat lan eta lurren erosketa, Sainduako Gaztelekua irekitzea edo Ordenantza fiskal berria plantan ematea daude adibidez. Hauek, 2024. urte hau amaitu aurretik bukatu edo behintzat aurreratu nahi dituztela adierazi dute. Helburu hauek “herritarrekin batera elkarlanean jardunaz” burutuko dituztela aipatu dute, eta orain arte modu horretan egindako bidea “emankorra” izan dela azpimarratu du auzapezak.