Abuztuaren 4an dozenaka margolari pintzel-lehian Hondarribiko txoko desberdinetan ikusi ahal izango ditugu pintzel-lehian. Emeki emakumeen elkarteak XXX. Kaleko Margo Lehiaketa antolatzen baitu, eta duela hiru hamarkada San Pedro kaleko egoitza zaharrean margolaritza tailerretan astero biltzen ziren eskualdeko emakumeekin pentsatuz antolatzen hasi ziren ekimenak, bertakoak ez ezik, espainiar estatu osotik hurbiltzen diren margolariak biltzen ditu gaur egun. Iazko irabazlea, adibidez, (Caceres) Plasenciakoa zen, eta bigarren saritua Artziniegakoa (Araba). Urtero 35-40 bat lagunek parte hartzen dute, beraz, hiru hamarkadaotan milatik gora lagunek parte hartu dute lehiaketa honetan.
«Harrigarria izaten da ikustea, nolako koadroak egin ditzazketen egun bakar batean» esan digu Emeki elkarteko Tzane Carrillok. Izan ere, parte hartzaileek goizeko 9:00tatik 11:00etara lientzoa zigilatu beharko dute Emekiren egoitzan, eta gehienez ere 17:00etatik 18:00etara entregatu beharko dute obra amaituta San Pedro kalean. «Polita da ikustea goizetik arratsaldera bitarte nola ateratzen duten txokoen arima, askotan ez delako leku eder bat margotzea bakarrik», dio. Aurtengo lan guztiak 20:00ak arte ikusgai jarriko dituzte San Pedro kalean bertan. Urteurrena dela eta, garai bateko Emeki elkartearen egoitza parera bueltatu nahi izan baitute edizio honetan.
Carrillok aipatu digunez, teknika librea da, oleoa, akuarela, akrilikoa ala mistoa izan daiteke, eta 100 X 100eko neurria izan daiteke aurkeztu daitekeen handiena. Eta obra amaitzeko denbora mugatua izanagatik ere, artista asko dira metro koadroko artelanekin animatzen direnak. «Hondarribiak txoko eder asko ditu, baina aurten Alde Zaharra edo Portua auzoetara mugatu ditugu», argitu digu Emeki elkarteko antolatzaileak. Eta bertatik bertara, kalean bertan marraztutako eta margotutako lanak onartuko dituzte soilik. Hau da, argazki, lamina edo antzekoetan oinarritutako lanak ez dituzte onartuko. «Gehienetan izena ematera etortzen direnean beuden zalantza da zer aukeratu, ez dakitela non kokatu, zeren hainbeste leku eder dago margotzeko, zaila egiten zaiela bat aukeratzea», azaldu digu Emekiko kideak.
Horiek hala, margolari askok lehiaketa hau erreferentziazkoa dute, herri aproposa delako. Gainera, aparteko paisaiak ez ezik, sariak ere aipagarriak dira. Aurtengoan 1.000, 700 eta 500 euroko sariak banatuko ditu Emeki elkarteak. Eta antolatzaileek iragarri dutenez, lehiaketarekin kolaboratzen duen Irungo Atrezzo marko dendak koadroaren enmarkazioa egiteko akzesita ere emango dute opari. Hortaz gain, Kofradiarekin aspalditik harremanetan daude, eta honek opari txiki bat ematen die irabazle guztiei.
Herriko ondarea
30 urteotan saritutako lan guztiak elkarteak ondo gordeak dauzka. Batzuk, azken bizpahiru urteotakoak Puntaleko egoitzaren hormak apaintzen dituzte. Baina bilduma handia da, eta gainerakoak ondo gordeak dituzte. 8à bat koadro dira guztira. Tzane Carrillok argi du 1994. urteko aurreneko edizioaz geroztik antolatutako lehiaketa guztietan elkarteak bildu duen bilduma «herriaren ondare edo altxor» bat dela. Hau kontuan hartuta, lehiaketak 30 urte betetzen dituela aprobetxatu nahi izan du Emeki elkarteak bilduma hori herritarren eskura jartzeko. Hondarribiko Udalaren laguntzarekin, abuztuaren 5etik 25era Itsas Etxean Hondarribiko Txokoak erakusketa antolatu dute.
«Ez gara ohartzen, baina hiru hamarkadaotan herriko txoko enblematiko asko nola aldatzen joan diren irudikatzen dute koadro horiek, herriaren 30 urteko begirada da», azpimarratzen du. Hortaz, denboraren iraganean bildutako obra horiekin erakusketa antolatzeko erabakia hartuta, Emekiren helburua da «jendeak ikus dezala zer nolako ondarea dugun, ze altxorra duen Hondarribiak koadro hauekin».