Hondarribiko jaietarako txosna eskatzeko epea uztailaren 24an itxiko dute

Antxeta Irratia 2024ko uzt. 16a, 07:10

Hondarribiko Udalak aste honetan zabaldu du herriko jaietan Bentan txosna jartzeko eskaria egiteko epea. Interesatutako eragileek erregistro elektronikoan aurkeztu behar dute eskaria uztailaren 15etik 24ra bitartean. Zozketa uztailaren 30ean jendaurrean egingo da, eta Udalak jakinarazi duenez, txosna egokituko zaien elkarteetako kideek jai parekideen eta arriskuen prebentzioaren gaineko formakuntza jaso beharko dute. 

Hondarribiko Udalak irailaren 6tik 11ra Bentako aparkalekuan ezarriko diren txosnen eskaera, esleipena, instalakuntza eta erabilera zehazten dituen baldintzak plazaratu berri ditu. Eta horrekin batera, txosna jartzeko interesa duten herriko elkarteei eta kolektiboei deia luzatu die uztailaren 24a baino lehen beren eskaera erregistro elektronikoaren bitartez egin dezaten.

Eskatzaile kopuruaren arabera, postuen banaketa erabakitzeko uztailaren 30ean udaletxeko Areto Nagusian zozketa egingo dute 13:30ean. Eta Udalak iragarri duenez, eskaera egindako taldeen ordezkariak bertan presente egon beharko dute halabeharrez. 

Bete beharreko baldintzak

Deialdi honetan ezin izango dute parte hartu, ez alderdi politikoek, ez koalizioek edota sindikatuek ere. Ezta Kultura sailaren iritziz, «txosnekin lortutako dirua beraien helburua gauzatzeko erabiltzen ez duten elkarteek» ere. Era berean, euren jardunean bereizkeria egiten duten elkarte eta erakundeek, bai sexu, bai bereizkeria anizkoitzaren arrazoiengatik ere, eta garatzen dituzten kultur jardueretan, emakumeek gizonen baldintza beretan parte hartzea oztopatzen dutenek edo ahalbidetzen ez dutenek, ez dira onartuak izango.

Modu berean, sexu arrazoiengatik bereizkeria egiteagatik edo emakumeen eta gizonen berdintasunari buruzko araudia ez betetzeagatik zigor administratibo edo penalak jaso dituzten elkarte eta eragileak zozketatik kanpo geratuko dira. 

Udalak aurreratu duenez, zozketa bikoitza izango da. Lehenengo zozketan gizarte mailako elkarteek parte hartuko dute, eta bigarrenean, beste motako elkarteak eta lehenengo zozketan aukeratuak suertatu ez direnek. Horretaz gain, txosna jartzeko eskubidea egokituko zaien elkarteek Udalak abuztuaren 27an arriskuen prebentzioaz Kultur Etxean antolatuko duen prestakuntza saioan derrigorrez parte hartuko beharko dute. Baita irailaren 2an Udaleko Berdintasun sailetik antolatutako jai parekideen gaineko formakuntzan ere. Bietan ala bietan, gazteleraz 9:00etik 11:30era izango da prestakuntza hori, eta euskaraz 12:00etatik 14:30era. Udalak jakinarazi duenez, elkarteetako kideen prestakuntza indartzeko helburuarekin, urtero egingo dira prestakuntza saio horiek, eta elkarte bakoitzeko pertsona batek parte hartu beharko du halabeharrez. 

Informazio eta baldintza guztiak hemen argitaratu ditu Hondarribiko Udalak