Beste 49.242 bidaiari gehiago igaro ziren Hondarribiko aireportutik ekainan

Antxeta Irratia 2024ko uzt. 16a, 10:45

Inoizko ekainarik onena izan zen AENA erakundeak jakinarazi duenez. Hondarribiko aireportuak bidaiari kopuru marka guztiak birrintzen ari ditu aurten hilabetez-hilabete. 2023 urtean 482.662 jaso ondoren (2022an baino ia 100.000 gehiago), aurten datu horiek gainditzeko bidean doa, ekaina arte %4,9ko hobekuntzarekin. 

AENAk plazaratutako datuen arabera, maiatzan Hondarribiko azpiegitura erabili zuten 46.467 bidaiarien ondotik (2023ko maiatzan baino %3,2 gehiago), joan den ekainean ere markak birrindu ditu, beste 49.242 bidaiari jasoaz. Joan den urtekoarekin alderatuta %3,4 gehiago. Lurreratze eta aireratzeei dagokienez ere, 635 mugimendu erregistratu zituzten joan den hilabetean, %3,2 gehiago.

Ezin ahantzi daiteke, udaldi honetan inoizko eskaintzarik zabalena duela Hondarribiko aireportuak. Iberia, Volotea, Vueling, Binter eta British Airways-CityFlyer ari dira bertan lanean. Eta horri esker, Gipuzkoa Madril, Bartzelona, Sevilla, Valentzia, Malaga, Kanariar Uharteak, Balear Uharteetako Mallorcako Palma eta Menorca, Londres eta, maiatzaren erditsutik uztailaren 30era arte, Eskoziako Edinburgo hiriburuarekin ere lotuta dagoela. 

AENA erakundeak plazaratu dituen aurtengo datu eguneratuen arabera, urtarriletik ekainera 226.983 bidaiari jaso dituzte, iaz baino %4,9 gehiago urte erdia bete dutenean.