Kirola

Maila goreneko Zesta Punta partidak hartuko ditu Hondarribiak udako ostiralero

Aimar Lopez 2024ko uzt. 16a, 12:22

Uztailaren 26tik irailaren 20ra arte, ostiralero, Hondarribiko Jostaldi pilotalekuak puntako Zesta Punta txapelketak hartuko ditu, Jaialive enpresak Hondarribiko udala eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin antolaturik. Gizonezkoetan zazpi bikote ariko dira, eta emakumeetan lau. Euskal Herri osoko puntistek hartuko dute kantxa, aurten lehen aldiz Emakumezkoen Master Seriesa ere izanen delarik, hiru partidarekin.

Gizonezkoen Grand Slamean, Euskal Herrian baita Ameriketan ere maila gorenean ari diren puntistak izanen dira, antolatzaile zein jokalariek pozarren hartu dute hitzordu honen edizio berria, Mikel Egiguren antolatzaileak eta Erik Mendizabal eta Oaia Otaño puntistek azaldu dutenez.

Izan ere, azken urteetan Estatu Batuetan frontoi ugari itxi dira, eta horrek kirola Euskal Herrira etortzea ekarri du, kirolarien mesedetan. Mendizabalentzat, hemen “frontoiak irekitzea berri ona” da, eta Otañok azaldu duenez, AEBetako plaza emakumeentzat oraindik ez dago batere irekia, eta beraz hemen aukerak sortzea onuragarri zaie.

Edizio berriaren aurkezpenenean azpimarratu zuten txapelketa sortu zenetik ezinbesteko konponenteak izan direla udala, Hondarribiko pilota eskola eta Jaialive enpresa, aurten gainera Foru Aldundia ere gehitu zaielarik. Jaialive enpresako Mikel Egigurenentzat, “kokapen estrategikoa” da Hondarribikoa.

Hondarribiko udalaren aldetik, Lupe Queiruga kirol hautetsiak emakumeen eta herriko puntisten presentzia azpimarratu ditu, herrian Zesta Puntak hartzen duen erreferentzialtasuna txalotuz. Aurten Basterra izanen da parte hartzaile hondarribitar bakarra, baina Hondarribiko Pilota Eskolaren parte hartzeak herrian tradizioa sortzen du. Ildo beretik mintzatu zen Igor Enparan alkatea ere, bera gaztea zenean herrian existitzen ez zen kirola gaur egun errotua izateak poza eragiten diola azalduz; horren lekuko aurkezpenean ziren haur hondarribitar andana.

Uda osoan, eta Lapurdin ere

Uztailaren 26an hasi eta irailaren 20ra arte izanen dira Hondarribian Zesta Punta partidak, ostiralero, arratseko 20:00tan, Jostaldi pilotalekuan. Sarrerak 10 eurotan eskuratu daitezke Hondarribian Arma Plaza fundazioan, Hendaian Turismo Bulegoan eta partida egunetan Jostaldiko txarteldegian.

Ipar Euskal Herrian ere, orain bi aste hasi zen Zesta Puntako Summer Leaguea Donibane Lohitzunen. Liga 2021ean sortu zen, orain arte ez baitzen ligarik sailkapen orokor bat egiteko. Hiru pilotalekutan egiten da, Donibane Lohitzunen, Miarritzen eta Pauen, 45 partidotan. Finalak Irailan eginen dira eta ondoren sailkapena Hegoaldeko lehiaketekin batuko da.