Bidasoko Gazte Langileon Asanbladak Hondarribiko udaletxeko arkupetan akanpada egin zuen bart goizeko ordu txikitan, arratsaldean San Telmo gaztelua okupatu eta poliziak kanporatu eta gero. Gaztetxe batentzako egoitza aldarrikatzen dute herrian, eta Udalaren laguntza eskatzen dute horretarako «geroz eta turistifikatuagoa dagoen herrian, sistema kontsumistatik aldenduko den gazteentzako gune autogestionatu bat lortzeko». Diotenez, «bisitariek gure kaleak hartu dituzte eta guretzako ez da ezer geratu, ez dugu non elkartu».
Horiek hala, atzo 30 gazte inguruk okupatu zuten Hondarribiko Udalak 2022an 3,5 milioi euroko inbertsioa eginez erosi zuen 'Piraten gaztelua' ondare historiko-arkitektonikoaren lorategia, eta Ertzaintzak bi lagun identifikatu zituen. Gazte Asanbladak ez zuen erresistentziarik jarri nahi izan baina 15 polizia armaturen presentzia «gehiegikeriatzat» ulertzen dute.
Bertatik goizeko 2:00etan udaletxeko arkupetara jo zuten eta bertan akanpatu dute. Gaur goizean turista talde gidatuek Kale Nagusian gora argazkiak egiten zituzten bitartean, gazteen kanpin-dendak eta "Gaztetxe Bat Behar Dugu!" aldarrikatzen duen pankarta topatu dute udaletxean. Igor Enparan alkatea haiengana hurbildu da goiz honetan bertan interesatzeko. Eta Antxeta Irratiak jakin izan duenez, gaur bertan Bidasoko Gazte Langileon Asanbladak bildu nahi du aterabideak bilatzeko.
Halere, bart gauean Udaltzaingoaren bisita jaso zuten gazteek udal ordenantza aplikatzeko aitzakiarekin, eta arkupeak plaza publikoa ez zirela esanez bertatik desalojatzeko xedez. Gazte Asanbladak udal ordezkariekin bilera egin eta gero, «erantzunak asebeteko baditu» erabakiko dute akanpadarekin jarraitu ala bertan behera uztea.
Aurrekariak eta borondate beharra