Herriko txoko guztietara “ttipi-ttapa” erraz heldu gaitezkeela adierazten duen mapa aurkeztu dute Hondarribian

Koldo Nausia 2024ko uzt. 17a, 13:19

Mugikortasun jasangarria, herritarren osasun fisikoa eta auzoen bizia indartzeko xedez, Udalak osatu duen Metrominutu planoak herri barreneko desplazamendu ohikoenak oinez osatzeko ibilbide eroso eta atseginenak markatzen ditu. Txoko desberdinen artean kotxerik gabe mugitzeko behar den denbora adierazten duen planoa aurkeztu berri dute.

Mugikortasun jasangarria eta osasuntsuaz gain, oinez jendearekin topo egiten dugunez auzo bizien alde egin nahi du Hondarribiko Udalak. Estitxu Urtizberea alkateordeak azaldu duenez, «oinez mugitzea eraginkorra ez ezik, jasangarria eta osasuntsua ere bada, eta oinezkoak garenean gure osasuna eta ongizate fisikoa hobetzen ditugu eta ingurumena zaintzen dugu». Baina herritarren bizi-kalitatean eragin handiagoa izan dezakeela uste du udal agintariak. Izan ere, «oinez goazela, elkarrekin topo egin dezakegu, hitz egin eta haurrek jolastu, harremanak eta auzo bizia indartu», azpimarratu du Urtizbereak.

Udalak ‘Auzo Bihotz’en filosofiarekin guztiz lerrokatuta dagoen proiektua da. Izan ere, garapen jasangarrirako 2030 Agendaren irizpideekin bat eginez, Europa osoan 10 minutuko hiriak sustatzen ari diren garaiotan, etorkizuneko hiriak «auzoak erdigunean jarri eta zentro anitza» izan behar duela, eta zentro hauen arteko loturak «erosoak eta seguruak» eraiki behar ditugula argitu du alkateordeak.  

Horiek hala, Hondarribian oinez mugitzera gonbidatzen duen Ttipi-Ttapa egitasmoaren esku-orri informatiboa herritarrek postontzian jasoko dute egunotan. Baina Martxoak 8 plazatxoan bezala, hiriko kaleetako paneletan mapa eta  QR formatoan deskargatzeko lotura ere eskura jarri dute dagoeneko.

Hondarribia herri aproposa da oinez mugitzeko. Aldiz, Udala herritarren ohiturak bestelakoak direla jakitun da Urtizberea. «Herritar asko dira Akartegi auzotik Portua auzora joateko, oinez 5 minutu eskatzen dituena, autoz egiten duena», ohartarazi du. Udalaren ustez, hainbat ibilbide seguru, eroso eta atseginak ditu Hondarribiak, eta aprobetxatu behar dira. Hortaz, udaran, eguraldia bidelagun dugula, ohikoan kotxez egiten den ibilbideren bat aukeratu eta oinez egitera animatu nahi ditu herritarrak.