Udalak irailaren 7an entregatuko duen Hiriko Urrezko Intsigniarako proposamenak egiteko deia luzatu die herritarrei

Koldo Nausia 2024ko uzt. 22a, 12:22

Iaz bezala, parte-hartzea sustatu nahi dute. Eta uztailaren 29 arte 16 urtetik gorako hondarribiar guztiek proposamenak aurkez ditzazkete BAZen edo hondarribia.eus atariko Partaidetza atalean. Irizpideak betetzen dituztenen artean Udal Bozeramaile Batzordeak erabakitako 3 hautagaietako bat bozkatu ahal izango dute herritarrek abuztuaren 7tik 21era.

Hondarribiko Udalak hiria nabarmen lagundu duten pertsona edo kolektiboei irailaren 7an egin ohi dien Hiriko Urrezko Intsigniaren aitortza, herritarrek proposatu eta erabakitzeko aukera eman zuen joan den urtean aurreneko aldiz. Iaz parte-hartzea sustatzeko abian jarritako prozedura arrakastatsua izan zela ikusita, bide beretik jarraitzea erabaki dutela azpimarratu du Igor Enparan alkateak. «Iaz azken momentuan eta modu inprobisatuan egin genuen proba, eta hala eta guztiz ere 1.200ndik gora herritarrek parte hartu zuten prozesuan. Herriak erakutsi du herriko adierazle nagusia den erabaki sinboliko horretan ere parte hartu nahi duela», adierazi du.

Izan ere, iaz 66 kandidatura desberdin aurkeztu zituzten hasierako fasean parte hartu zuten 237 hondarribiarrek. Eta ondoren, 1.022 pertsonek eman zuten bozka hiru finalisten artean.

Ahalduntze soziala

Arrakasta ikusirik, aurten prozesura egituratu eta finkatzea erabaki du Udalak. Honek egin ohi duen aitortza hau, herriaren izenean ematen den heinean, honek bere iritzia eman dezan garrantzitsua dela pentsatzen du alkateak. Hala, orain artean erabakia aldebakarrez hartu izan den bitartean, joan den urtean herriko LGTBIQ+ ikur den Carol Atxukarro zinema makilatzaile eta ileapaintzaile sarituak jaso zuen herritarrek erabakitako lehendabiziko intsignia. «Justizia soziala» egin zela azpimarratu zuen orduan Hondarribiko alkateak.

Zentzu honetan, Udal Gobernu berriak «herritarren parte-hartzea ahalduntze sozialerako tresna» delakoan dago. Baita halako erabaki instituzionaletan ere. Azken batean, «kontutan hartu behar da  Hondarribiko Urrezko Intsignia hiriaren jardunean aktiboki eta nabarmen lagundu duten pertsona fisiko edo juridikoei ematen zaiela, haien eguneroko lana, ibilbidea eta lanbidea, edo beste alderdiren bat saritzeko», oroitarazi du alkateak. Eta beraz, herritarrek badute zeresana.

Gauzak horrela, aurtengo irailaren 7an Udalak emango duen Hiriko Urrezko Intsignia herritarrek erabaki dezaten, eta ahal bezain bat parte har dezaten deia egin du alkateak. Argitu duenez, herrian erroldatutako 16 urtetik gorako herritar guztiek parte har dezakete. Eta hiru fasetan bideratuko da prozesua. Uztailaren 22tik 29ra bitartean BAZen ala Udalaren webguneko Partaidetza atarian proposamenak egiteko epea zabalik egongo da. Eta ondoren Udal Bozeramaileen Batzordeak hautagaiak aztertuko ditu, eta deialdiaren irizpideak beteko dituztenen artean hiru finalista hautatuko ditu. Herritarrek hartuko dute azken erabakia, iaz bezala, hiru horien artean bozkatuz. Udalak horretarako epea abuztuaren 7tik 21era zabalduko du, eta abuztuaren 24an emango dute erabakiaren berri.