Hondarribia

Hondartzako kirol guneen jabetza Udalari pasatzea eskatu dute, "herritarrentzako zerbitzu publiko duinak" bermatzeko

Aimar Lopez 2024ko uzt. 24a, 10:13

Igor Enparan Hondarribiko alkateak eta Idurre Bideguren EHBilduren Madrilgo senatariak agerraldia egin zuten atzo Hondarribiko kirol eremuetan, 2020tik arrunt blokatua den egoera salatu eta konponbide bat eskatzeko.

Gogoan hartu behar da, Hondarribiko Udalak ministerioaren baimen desberdinak jaso dituela bertan dauden udal instalazioak kudeatu eta obrak egiteko. Eta lurren lagapena 1980an hasi bazen, 1995ean eta 2004 urteetan lagapen horren luzapena onartu zuela Espainiako Goberuak. Hau 2020ean iraungi zenetik, Udalak ez du bertan eskuartzerik. Eta beraz, Ondartza futbol zelaia berritzeko zein Hondartza kiroldegiaren mantenu eta hobekuntza lanik egiteko aukerarik ez du.

1950 eta 60. hamarkadetan, Bidasoaren bokalea berbideratu izanak eta geroago Hondarribiko kirol portua eraikitzeko hondartzari jan zitzaion eremuen ondorioz dago gaur egun Ondartza kiroldegia dagoen lekuan. Aldiz, gaur egun lurra dena garai batean ura edo kostaldea izanik, Madrilgo Ingurumen ministeritzaren jabetza da eremu osoa, Itsaso eta Kostaren zuzendaritza orokorraren esku daude. Idurre Bideguren senatariaren arabera gaur egun hala izateak ez du zentzurik.

Igor Enparan alkateak azaldu zuenez, 2020an lagapena iraungi zenetik udalak zailtasun handiak ditu kirol guneak behar bezala mantentzeko. Izan ere, ez duenez haien jabetzarik, hainbat lan ezin dituzte egin, eta beste arlo bateko lagapena ere datorren urtean bukatzeak presa gehitzen dio aferari.

Gauzak hala, eskaera argia egin diote Hondarribiko udalak zein EHBilduk Teresa Ribera espainiako ingurumen eta garapen iraunkor ministroari, Hondarribiko udala kontuan har dezan eta lurrak behin betiko dohainik eman ditzan. Idurre Bidegurenek berandu baina lehen bilkura bat eskatu dio ministeritzari.

Jeltzaleek ere bide propioa

Bere aldetik, astelehen arratsaldean Hondarribiko EAJk jakinarazi zuenez, Aitor Esteban parlamentariak galdera xorta bat prestatu du estatuko Portuen jabetza publikoko lur hauek Udalaren esku uzteko eskatuz. Jeltzaleek diotenez, Andoni Ortuzar eta Pedro Sanchezek EAJ-PSOEren artean izenpetutako inbestidura akordioen arabera, lur hauek Hondarribiko Udalaren jabetza izatera pasatzea adostua zuten, baina ez da akordio orain artean bete.

Halere, 2023ko martxoaren 20ean, azken udal hauteskundeen atarian geundela, Madrilen bi bide administratibo ireki zituela jakinarazi zuten Hondarribira egindako bisitan. Instituzionala batetik, eta EAJko Kongresu taldearen eskutik politikoa bestetik. Aitor Esteban parlamentariak Gonzalo ‘Txalo’ Carrionekin batera egun hartan argitu zuenez, negoziaketa aurreratua zegoela, eta 2023a amaitu baino lehen lur horiek Udalak kudeatzeko akordioa zegoela azpimarratu zuen. Haatik, oraindik ez da afera aitzinatu.

EAJren ekimen hauen berri prentsaren bidez jaso dutela azaldu du Igor Enparanek, eta konponbidearen aldeko indar oro ona dela azpimarratu badu ere, mugimendu politikoa baino ekimen komunikatiboa dela uste du alkateak. Hala ere, edozein alderdiren indarra "ongi etorria" dela nabarmendu du.