Fenomena Festibalak inoiz baino hots anitzagoa izango du aurten

Koldo Nausia 2024ko uzt. 24a, 10:08

Musika estilo aldetik eklektikoa beti, aurten hizkuntzetan ere anitza izango da Fenomena Festibala. Euskaraz eta ingelesez Anari eta Bad Dreams banda australiarra kartelburu izango dute, baina galiziera eta gaztelera ere entzungo da underground eszenaren zenbait harribitxi jasoko baititu urriaren 12an Kirol Kaian ospatuko duten bederatzigarren edizioak.

Aire zabaleko doako Fenomena Festibalak denetarik ikusi du kalitatezko musika zuzenean eskaintzeko helburuarekin sortu zutenetik. Jaialdi eklektikoa izan da beti bere karteletan, musika estilo eta jatorri desberdinak proposatuz. Eta pandemia bat tarteko, hondartza, Alde Zaharra, Jostaldi pilotalekua edota Kirol Kaia izan ditu eszenatoki antolatutako zortzi edizioetan.

Haatik, gaztea izanagatik ere, ondo errotutako festibala da. Eta urtero, 50 bat bolondresen lanari eta Hondarribiko Udalaren eta herriko hainbat ostaturen babesari esker antolatzen den festibalak bidasotarrak ez ezik estatu osoko musika zaleak erakartzen ditu Hondarribira. Jaialdiak bere baitan biltzen dituen musika talde zenbaitzuen eskaintza eta antolatzaileek zaintzen duten soinu kalitatea erreklamu dutela.  

Ernesto Villar, Fenomena elkarteko kideak aitortu digunez, logistika aldetik eta kontzertuak eskaintzeko gune aproposa denez, «Fenomena ospatuko den bitartean, Kirol Kaian egingo da, hor finkatu dugu arrazoi desberdinak direla eta han eta hemen egin eta gero». Aurtengo edizioa urriaren 12an ospatuko dute, eta musika estiloetan jaialdi eklektikoa izango bada, hizkuntza aldetik ere urteotako anitzena izango dela iragarri dute antolatzaileek. «Euskara, galegoa, ingelesa eta gaztelera entzungo dira, eta estilo aldetik ere denetarik izango du».

Musika kartel anitza

Festibala Anarik estreinatuko du 17:00etan joan den otsailan plazaratu zuen 'Giza zarata' diskoaren lanarekin. «Urteak daramatzagu ekarri nahian, baina bere azken lana entzun genuenean esan genuen, zer da hau?!», aitortu digu Ernesto Villarrek, «bere ibilbidean jauzi bat eman du, beste zerbait somatu dugu eta horrek fenomenatu du gure Anari». Anari Alberdi musikari eta idazleak Troiako zaldia kantarekin aurreratu zien entzuleei diskoaren bidea. Eta udaberrian hasi ditu aurkezpen emanaldiak. Hain justu, Hendaiako Mendizolan kulturgunean izan zen apirilan, baina kontzertu intimistago batekin. Oraingo honetan, Hondarribian aurkeztuko du formatu handiagoan. Diska berria Badok | Euskal-musika atarian entzungai dago.

Halere, indargunetako bat, Australiatik datorren Bad Dreams taldea izango da aurtengo Fenomena Festibalean. Hiru diska plazaratu ditu spoke rock/punk egiten duen talde honek, eta “Hoo Ha!” bere laugarren lana zuzenean aurkeztuko du, joan den irailan Donostiako Dabadaba salan egon ondotik.

Hauen ondotik, estatu mailako undergorund eszenaren hiru harribitxi pasako dira Fenomenaren taulgainetik. Murtziako jatorria duen Perro izango da bertan. Hondarribira dator espreski kontzertua ematera. Izan ere, Villarrek argitu duenez, «oso talde bitxia da, urtean bi edo hiru kontzertu besterik ez ditu egiten, eta estatu osoan sakabanatuak dituen zaleak mobilizatzen ditu». Beraz, leku anitzetatik jendea etor dadin espero dute. Festibaleko arduradunek esan dutenez, duela bost urte haiekin harremanetan sartu ziren baina ezin izan zuten hona ekarri. Eta oraingo honetan lortu dute.

Ondoren, duela bi urte Psilocyben izan zen Parquesur taldeak jarraituko du jaialdia. Rock estilotik hasi eta merenguera, letra landuak eta ironia lantzen duen musika egiten dutela iragarri du Fenomenak. Azkenik, Galiziako Grande Amore taldeak jarraituko borobilduko du jaialdia. «Galizieraz abesten duen elektro-punk estiloko taldea da, reggae puntu batekin ere, beraz, jaialdiak denetarik izango du», iragarri du Villarrek.