Errealistago edo abstraktoago, inpresionismo edo modernismotik pasaz, talentu erakustaldi nabaria izan da aurten ere. San Pedro kalean bildu zituzten egun bukaeran lan guztiak, epaimahaiak erabaki zain.
Lehen saria Ricardo Azkargorta bergararrak eskuratu zuen, bigarrena Maria Maldonadok eta hirugarrena Iratxe Airesek. Hirurak dira Hondarribiarekin lotura duten margolariak, baita lehen biak urte luzez lehiaketan ariturikoak. Azken hiru hamarkadetan hitzorduak lortu duen errotzearen lekuko.
Kale Nagusia, kai zaharra, San Pedro kalea eta ingurukoak, Kasino zaharra… margolari bakoitzak gustokoen edo inspiratzaileen zuen lekua hautatu zuen goiz hastapenean. Forma eta teknika libre bada, baldintza bakarrenetakoa hori baita: Hondarribiko txokoak erakustea.
Abuztuko lehen igande eguzkitsua jendetsua ere izan da Hondarribian, eta « txokoak » islatuak baziren, bisitari gutxi ageri zen artelanetan.
Aurtengoan, Javier Sagarzazu artista hondarribitarrari omenaldi berezia egin diote, 1994tik sariketan epaimahaikide izan baita. Hitzorduari egindako ekarpen handia azpimarratu zuen Tzane Carrillok, hunkiturik hartu zuen Sagarzazuk.
Erakusketa "bitxia" gaur hasirik
1994tik bildutako ehunka margoekin erakusketa antolatu du Emeki elkarteak astelehenean hasi eta abuztuaren 25era arte Itsas Etxean. Esku artean duten ondarea agerian ezarri nahi izan dute, « Hondarribiak 30 urtean izan duen aldaketaren lekuko » ere badelako, Tzane Carrillok duela bi aste Antxeta Irratian adierazi zuenez. Ilusio handiz landu duten erakusketa, helburu argiarekin: «jendeak ikus dezala zer nolako ondarea dugun, ze altxorra duen Hondarribiak koadro hauekin».