San Pedro karrikaren eta Arrantzale auzoaren artean, Gran Sol ostatu bazterrean behin behineko komun batzuk jarri zituen uda hasieran Hondarribiko udalak. Santiago egunaren inguruan, gauez eta besta giroan, komunetako ateak desmontatu zituzten, baita “Etorkinak kanpora” mezua eta ikur faxista bat tindatu ere.
Estitxu Urtizberea lehenengo alkateordea larriturik mintzatu da eraso hauekin. “Elkarbizitzaren aurkakoak” direla azpimarratzeaz gain, hainbat zertzelada ere marraztu ditu: komunen ateak desmontatzeak nagusiki emakumeei kalte egiten diela, eta gau giroan izanik, ziurrenik gazteek egin dutela aipatu du. Hala, gizon gazteekin prebentzioa egiteko lanketa bat abiatuko dutela zehaztu du.
Azken urtebetean aniztasunari hainbat eraso izan dira Hondarribian, eta loturarik ikusten du Urtizbereak. Joan den azaroan, emakumeen aurkako bortizkeriaren aurkako egunaren inguruan, Martxoak 8 plazan jarritako berdintasunaren aldeko pankarta bati su eman zioten. Urtarrilean berriz, Emeki elkartearen egoitza erasotua izan zen, baita LGTBIQ+ eskubideen aldeko bottia ere. Antzeko modus operandia ikusten du alkateordeak: ate desmontatuak eta tindaketak.
Hondarribiko eskoletan iraganean ere “Hego Amerikar jatorriko gazteen aurkako” mezuak agertu direla salatu du Urtizbereak, eta beraz, halako ideiak herrian zabalduak direla ukaezina dela aipatu du. Hala, elkarbizitzaren alde hainbat neurri hartuko dituztela azpimarratu du.
Prebentzio Komunitario zerbitzuaren funtzioak berrikusten ari direla aitzinatu du, egungo Udal Gobernuarentzat “prebentzio komunitarioa ez baita bakarrik drogez aritzea”. Bertzalde, Udalak kontratatu berri duen Berdintasun teknikariak ere halako kasuetan eskuartzea izan lezakeela gehitu du, jarrera maskulinoen inguruan hausnarketa sustatzeko. Udaleko sail eta zerbitzu ezberdinak elkarlanean jarriko dituzte halako gai konplexuetan konponbideak bilatzeko.
Besta eredua ikusmiran
Eraso hauek baita azken urteetan izandako beste batzuk gauez eta besta giroan gertatu dira. Halako gertakari larriez gain ere, Estitxu Urtizbereak aipatu du Arrantzale auzoan baita Portu auzoko beste gune batzuetan “lo egiteko ezintasuna, etxe atarian zaborra aurkitzea” eta bestelako gizalege eskaseko jarrerak jasaten dituztela herritarrek. Hala, Hondarribian egun plantan den besta ereduari buruzko hausnarketa ere esku artean dutela zehaztu du.