Hamargarren Hondarribia Berdintasunaren Hiria saria, instituzioen bidez berdintasuna bultzatu duten alderdientzat

Aitziber Zapirain 2024ko abu. 13a, 10:59

2022an berritu zuten Eusko Legebiltzarrean 2005ean aurrenekoz onartu zen EAEko Berdintasun Legea. Legediaren errespetua erabatekoa ez dela mahai gaineratuz, egindako lana eskertuko die orain bi urteko berritzea landu zuten alderdiei.

Jaizkibel konpainiak irailero banatzen duen sariak hamargarren urteurrena du, eta instituzioei begirakoa izanen da aurtengoa. Hain zuzen ere, 2005ean Eusko Legebiltzarrak lehen aldiz Berdintasun legea onartu bazuen, 2022an eguneratu zuten. Eta eguneratze horretan lanean aritu diren alderdi politikoak izanen dira sarituak, hots, 2022an Eusko Legebiltzarrean ordezkaritza zuten alderdi politiko guztiak, Vox izan ezik.

Oroitarazi dute Berdintasun legearen 28. Artikuluak argi uzten duela  “Debekatu egiten dela gune publikoetan emakumeek gizonekiko berdintasunean parte hartzea onartzen ez duten edo oztopatzen duten kultura-jarduerarik antolatzea eta egitea”.

Jaizkibel konpainiako Izaskun Larruskainek gogorarazi du sarituak ez dituela konpainiak erabakitzen, epaimahai batek baizik. Konpainiak hainbat proposamen helarazten dizkie epaileei, eta haiek dute saritua hautatzen. Nieves Alza, Fermin Muguruza, Garbiñe Biurrun, Maddalen Iriarte eta Arantxa Urretabizkaiak osatzen dute epaimahaia, baita iazko sariaren irabazleek ere, Antzuolako Alardearen ordezkariek eta Antzuolako Udalak.

Gauzak hala, Leixuri Arrizabalaga (EAJ-PNV), Oihana Etxebarrieta (EHBildu), Gloria Sánchez (PSE), Isa González (Elkarrekin Podemos-IU), eta Laura Garrido (PP) izanen dira sarituak, irailaren lehenean Itsas Etxean eginen duten ekitaldian. Larruskainek aipatu duenez, oraindik ez dute legebiltzarkide guztien baieztapena jaso, baina batzuena bai.

Bertzalde, Jaizkibel Konpainiak eskertu nahi izan ditu herritar eta konpainiako kideek saria jasotzeko kandidatu bezala egindako proposamenak. Hauek “anitzak” izan direla dio Larruskainek, horrek sariak Hondarribian eta alarde parekidearen aldekoen komunitatean duen errotzea erakusten duelarik.