Duela egun batzuk, Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailak herrian bi alojamendu-turistiko ustez modu irregularrean jarduten ari direla jakinarazi dio Hondarribiko Udalari. Gobernuan den Abotsanitz udal taldeak hamarkada bat darama aldarrikatzen Hondarribian bizi nahi izateak ezin duela luxu bat izan, eta gaur egungo «egoera sostengaezina» etxebizitza politika eta turismo-ereduari buruz hartutako «erabaki politiko zehatz batzuen emaitza» dela salatu izan du. Diotenez, «hiri-eredu honetan etxebizitzaren negozioa, eskubidearen aurretik gailentzen ari da» lehenengo eta bigarren mailako Hondarribiarren logikaren arrakala sakonduz.
Zentzu honetan, azken urteetan, alojamendu turistikoen edo VT delakoen gorakada nabarmena pairatzen ari da Hondarribiko herria, bereziki Alde Zaharra, Portua eta Akartegi auzoetan. Abotsanitzen aburuz, horren ondorioz «etxebizitza-parkea murrizten joan da, etxebizitzaren prezioa garestituz, eta herritarrak herritik kanporatuak izanik». Estitxu Urtizberea, Hirigintza arloko udal ordezkariak argi du VT edo alojamendu-turistikoen loraldiak, 80. hamarkadaz geroztik garatutako herriko etxebizitza arazoa sakondu besterik ez duela egin. Eta gehiegizko turistifikazio horren ondorioz, aparkalekuarekin arazoak, auzotarren bizi-kalitatea okertu edota ostalaritzan masifikazioak sortu direla salatu du Abotsanitzek.
Hortaz, «Etxebizitza Turistikoak erregulatzea eta mugatzeak logika guztia duelakoan», HAPO berrian neurri horiexek jasotzea berebizikoa ikusten dute. Abotsanitzek argitu du ez daudela etxebizitza turistikoen aurka, baina Hondarribiko etxebizitza arazoaren problematikari heltzeko neurriak hartu behar direla. Eta HAPO berria giltzarri da Urtizberearen ustetan, azken hamarkadatan eramandako politikak aldatu, eta hiri-eredua moldatzeko.
Baina HAPO berria epe luzeko kontua izanik, eta alojamendu turistikoen jarraipena eta kontrolaren eskumen osoa Eusko Jaurlaritzarena dela kontuan izaki, Abotsanitzek eskaera luzatu dio Eusko Jaurlaritzari kontrol horiekin jarraitzeko. Haien ustetan, orain identifikatu dituzten bi alojamendu-turistiko klandestino horietaz gain, Hondarribian halako gehiago egon daitezkeelakoan.
Jarduera ekonomiko baten loraldia
Izan ere, VT figura sortu zenetik sektorea ofizialtzen joan da, jarduera ekonomiko horren inpostuak ordainduz. Antxeta Irratiak bildutako datuen arabera, aldiz, Eusko Jaurlaritzaren VT (etxebizitza turistikoen) erregistro ofizialean 164 etxebizitza zeuden 2023ko abenduaren 31n ofizialki sektorean herrian alta emanda, Alde Zaharra (50 VT), Portua auzoa (49) eta Akartegin (48). Gainerakoak, Jaitzubian 8 VT daude martxan, Zimizarga auzoan beste 6, eta bana Amute-Kosta, Puntalea eta Gornutz auzoetan. Irun osoan, aldiz, 25 dira VT gisa alta emanak diren etxebizitzak.
Aldiz, plataforma turistiko nagusietan partikularrek egiten dituzten bestelako eskaintzak bilatuz gero, ez legeztatuak, VTz beste diren 61 apartamendu libre daude gaur opor garaietarako alokairu eskaintza osatzen dutenak.