Abuztuaren 15a Jasokunde eta Sagarrondoko Ama Birjinaren Eliza Nagusiko zaindaria omentzeko eguna izan ohi da Hondarribian. Eta usadioak markatzen duenez, Hiriko Bandera Udaletxetik Elizara eramaten du zinegotzi batek, udal gobernuko eta oposizioko hainbat hautetsik lagundurik. Aurten, Lupe Queirugak eraman zuen ikurra, eta bandera babestea bi mazulariren lana da. Historikoki, bi aguazilek burutu dute lan hori, galaz edo zeremoniaz jantzirik, eta besoetan mazo batekin, suzko armarik ez zen garaitik bandera etsaiengandik babesteko trena gisa.
Aguazila izan zen hiru hamarkadaz Maria Jesus Berrotaran Etxeberria, orain dela hamar bat urte erretiroa hartu zuen arte. 1981ean, lehenago bi aldiz saiatu eta trabak izan ondotik, Hondarribiko lehen emakumezko aguazila bilakatu zen. Berria egunkarian Maddi Ane Txoperenak egin zion elkarrizketan azaldu zituen gizonentzat pentsatua zen instituzio hartan sartzeko gorabeherak.
Aipatu digunez haatik, berriz egin behar balu, zalantza gutxi izanen luke lanbide bera hautatzeari buruz. “Lan soziala” egiten zutela dio, legea betearaziz bai, baina elkarrizketaren bidez. Ertzainak oso muturreko egoeretan bakarrik deitzen zituzten, herri barruan gatazkak konpontzeko bertzelako baliabideak baitzituzten.
Duela 28 urte, artean Berrotaran aguazil zela, mazulari bat jubilatzen zela-eta zerrenda bat osatzeko eskatu zien orduko alkateak, rol hori betetzeko interesa zutenen izenekin. Berrotaranek aitortu du erakargarria egiten zitzaiola mazularien janzkera, eta zerrenda hartan izena eman zuen: “esan zidaten emakumea nintzela, eta ezetz”. Ezezkoa hartu, eta aitzina egin zuen, gaurdaino. Iaz, baina, duela 28 urte postua eskuratu zuen aguazilak erretiratzeko asmoa erakutsi zuen, eta hark, udalarekin batera, Berrotarani eskaini zion mazulari izatea.
“Lehenengo momentuan pentsatu nuen ezetz, nire 75 urteekin ez dut egingo. Baina gero berriz pentsatu, eta zergatik ez?”: hala laburbildu du proposamenaren ondotik egindako prozesua. Are, “emakumeak baloratzeko eta adinekoak baloratzeko” egin duela argi du; adinekoak gizarteak entzuten ez dituela irizten baitu, eta herriaren parte direla aldarrikatzeko.
Emozioz beteriko eguna izan zen, horen eredu “egun eta erdi” behar izan zuela “egoa lasaitzeko”, irribarrez aitortu duenez. Berak eta hurbileko gutxi batzuek zekiten mazulari izanen zela, eta beraz ingurukoen harridura eta poza sumatu zituen ortzegunean Kale Nagusian gora eta behera.
Etorkizunari begira, argi utzi du urte bakarrez izanen dela mazulari, haatik bere aurtengo parte hartzeak “hurrengoei bidea irekitzea” espero du. Hondarribian berdintasunaren bidean pausu ugari ematekoak diren arren, hilaren 15ean “hondar ale bat” gehitu zela uste du Maria Jesus Berrotaranek, egunen batean erabateko normalizazioa iritsi zain.