Bukatu da Euskotren Liga, emakumeen arraunketaren lehen maila. Zarauzko estropadekin eman zioten amaiera aurtengoari joan den asteburuan. Larunbatean hirugarren postuan eta estropada oso ederra eginik bukatu zuten hondarribitarrek, eta horri esker igandean ohorezkoan lehiatu ziren. Aldiz, igandean itsaso zakartua "atragantatu" zitzaiela aitortu digu Iker Cortes entrenatzaileak, eta azkenik bosgarren amaitu zuten. Liga bukaeran, sailkapen orokorrean ere bosgarren postuan amaitu dute hondarribiarrek. Arraun Lagunak izan dira irabazle, Tolosaldea bigarren, Orio hirugarren, Donostiarra laugarren eta Hondarribia bosgarren. Gibeletik, Hibaika, Cabo eta Tiran izan dituzte.
Iker Cortes entrenatzaileak asteburuko estropaden balorazio gazi-gozoa egin du, eta begiak jadanik Kontxan finkatuak dituztela aitortu du. Nolanahi ere, denboraldi bikaina osatu dutelako konten agertu da neskek egindako udako sasoiarekin. Eta arerioen maila ikusita, harro egoteko moduko denboraldia egin dutela azpimarratu du.
Gizonetan, aldiz, Euskolabel Ligan ere Zarautzen izan ziren asteburuan, baina oraindik bi asteburu falta dira Kontxaz gain liga bukatzeko. Larunbatean eta igandean hirugarren postua lortu zuten Hondarribiko gizonek. Sailkapen orokorrean laugarren lekuan jarraitzen du Hondarribiak 144 punturekin, eta aitzinetik duen Donostiarrarekiko zazpi puntura. Ligaren buruan, Urdaibiak eta Zierbenak jarraitzen dute, 184 eta 160 punturekin.