Hondarribiko Udalak harrera egin die Asturiagako segadako biktimen senideei

Antxeta Irratia 2024ko abu. 21a, 09:35

Asturiagako erailketak 50 urteko ahanzturaren hondarpetik atera, eta Hondarribiko Udalak 2023an Aranzadi eta EHUko adituei enkargatutako azterketa historiko eta juridikoaren txostena biktimen senideei eman die alkateak eskura. «Biktima guztiek egia, justizia eta erreparaziorako eskubidea» daukatela aitortuta, txostena Hondarribiko Artxibo Historikoan egongo da denen eskura.

Igor Enparan Hondarribiko alkateak eta Udaleko hainbat zinegotzik harrera egin zieten atzo goizean duela 50 urte Asturiagako hondartzan erail zituzten Roque Mendez eta Jose Luis Mondragonen senideei. Ekimen honen helburua Udaleko Bizikidetza Mahaiak 2023. urtean eskatu zuen eta Aranzadi eta (EHU) Euskal Herriko Unibertsitatearen bitartez egin den azterketa «historiko, objektibo eta kualifikatuaren txostena» familiartekoei ematea izan da.

Enparan alkateak azaldu zuenez, Asturiagako gertakari horiek ahaztuta egon dira 50 urtez: «Erailketa horiek Giza Eskubideak errespetatzen ez zituen diktadura baten testuinguru batean eman ziren, eta nahiz eta kontakizun ezberdin asko izan, garai horretan ez zegoen demokratikoki eman behar den gertaeren zilegitasunezko informaziorik. Hori dela eta, 2023an Udaleko Bizikidetza Mahaiak ikerketa hau eskatzea erabaki zuen», argitu du alkateak.

Lanketa hura Aranzadiko Javi Bucesek eta EHUko Eneko Etxeberriak bere gain hartu zuten. Azterketa historiko eta juridikoa burutu ondoren, pasa den maiatzean Udalak ikerketa horren txostena jaso zuen. Bizikidetza Mahaian aurkezpen bat egin zen orduan, eta bertan lanaren berri izan behar zuten lehenak, biktimen senideak izan behar zutela erabaki zutela azaldu du alkateak. Txostenak Asturiagako gertakarien nondik-norakoak jasotzen ditu. «Egileek azterketa egin eta gero atera dituzten ondorioak ez dira ikuspegi pertsonal batetik ateratakoak, azterketa zientifiko eta profesional batetik ateratakoak baizik», esan du Enparanek. 

Txostenaren helburuari dagokionez, alkateak argitu du biktima guztiek egia, justizia eta baita erreparaziorako eskubidea daukatela, eta Udalaren urrats hau xumea bada ere, memoria egiteko ere baliatu nahi izan dutela, bai senideentzat, bai eta Hondarribiko herriarentzat ere. Horren haritik, egindako txostena eskuragarri egongo da Hondarribiko Artxibo Historikoan.