Oier Gil Mendizabalek irabazi du aurtengo kartel lehiaketa “Denok egiten dugu jaia” izeneko lanarekin. Hain justu, jaietako programazioa osatzeko denen elkarlana nabarmendu nahi izan du Kultura eta Herri Nortasunerako hautetsia Ortzi Alonsok. Argitu duenez, maiatzan hasi ziren herriko elkarte eta eragileekin batera programa osatzeko prozesua, eta guztira 32 elkartek parte hartu dute programan. Email bidez proposamenak egin, eta ondoren eragileekin bi bilera antolatu zituzten hauek zehazteko. Era berean, jaietako programazioaren «atzean dagoen elkarlana eta udal teknikarien lan isila» goraipatu du zinegotziak.
Bestalde, irailaren 6tik 11ra bitarteko egitarauari dagokionez, jakina da dagoeneko Zea Mays, Doctor Deseo edota Esne Beltza ariko direla kontzertuetan, Euskal Herriko eta Bidasoaldeko gazte eszenako beste hainbat talderekin uztartuta. Izan ere, kontzertuen eskaintza bikoiztu egin dutela azpimarratu du Alonsok. Aipatzekoa da aurten txosna gunea indartuko dutela bikoiztu egin den kontzertu programazioarekin. Horietako azpimagarrienak irailak 6, 8 eta 10eko kontzertu bikoitzak dira, hurrenez hurren, Zea Mays eta Azkura DJ’s, Akerbeltz eta DJ Bull eta Esne Beltza eta DJ Elepunto. Gainera, hilaren 9an eta 10an Arma Plazan ere kontzertuak egongo dira, Elegancia Mexicana eta Belar Hostoak taldeen eskutik
Baina nobedadeei dagokienez, haur, nerabe, gazte zein helduentzako zutabeetan antolatu dute egitaraua. Eta zenbait aldaketa egin dituzte aurten «irisgarritasuna, bizikidetza eta parte hartzea» bultzatu nahian. Irailaren 6an azken urteetan bezala, haurrek ematen diote hasiera Kale Nagusian pregoi txikiarekin, aurtengo berrikuntza, aldiz, irailaren 7an eguerdiko txupin ofiziala izango da. Orain artean Paradoretik egin ohi zuten, eta aurten Arma Plazako balkoitik jaurtiko dute suziria «herritar guztiek ikusi eta partekatuagoa izan dadin».
Nerabeen kasuan, Kasino Zaharreko “Gazte Kanttua” indartu dute, Kultura eta Gazteriaren arteko urte osoko lan transbertsalari jaietan ere jarraipena emanez. Eta haurrei dagokienez, aldiz, harresietako parke erraldoia lekuz aldatuko dutela iragarri du udal ordezkariak. «Herritarren eskaera bat izan da, itzala duen gune batean behar zuela, eta Harresilandan egingo da, baina Gernikako Arbolaren inguru zuhaitzpean», argitu du. Era berean, feria gunea Minatera kalean kokatzea erabaki dute. «Guraso eta txikienek gune irisgarriagoa eta hurbilagoa eduki dezaten berreskuratzen dugu gune hori, eta balorazio bat egingo dugu», dio Ortzi Alonsok iragarriz ere «behar bereziak dituzten haurrentzako hitzordu bereziak egongo dira barraketan». Izan ere, irailaren 5ean, 9an eta 12an 17:00etatik 20:00etara haientzako ordutegi berezia egokituko dute, eta zaratarik gabeko eguna ere izango da autistentzako propio irailaren 9ko goiza erreserbatuz.
Nolanahi ere, udal ordezkariak jaietan burutuko dituen ohiko prebentzio kanpainekin batera, «bizikidetza» sustatzeko kanpaina ere nabarmendu nahi izan du. Udalak bezala herritar orok irizpide orokorra beharko lukeela oroitarazi du, «enpatiaz jokatu beharra dago jaietan, kontuan hartuta herritar asko lan egin behar duela, eta etxeko atarietan eta jaigune nagusietan ere errespetuz jokatu behar dugula».
Prebentzio kanpainak jaietan
Esan gabe doa, Gizarte Kohesioko arlotik eta Prebentzio Komunitarioko Zerbitzuetatik hainbat kanpaina martxan jarriko dituztela. Alkohola eta droga kontsumoari dagokion Ondo Pasa Biño Ez Pasa izenekoa ez ezik, ostalariak sentsibilizatzeko eta Bentan txosna jarriko duten elkarteentzako formakuntza saioak antolatu dituzte Kultur Etxean.
Gizarte Kohesiorako hautetsia Iosu Peñak azaldu duenez, aurreko urteko ildoari jarraituz, mugikortasun urriko pertsonentzako egokitutako guneak jarriko dituzte, jaietako ekitaldi nagusietan. «Irailaren 6an, kantineren aurkezpenean, gune bat egokituko da Gipuzkoa plazan, bai eta hilaren 7an Arma Plazan, Aurreskua ikusteko, eta 8an Alardea ikusteko, Kale Nagusian, Damarri plazan eta arratsaldez Martxoak 8ko plazan», esan du Peñak.
Horretaz gain, Berdintasun teknikari berriaren laguntzarekin osatutako eraso matxistei eta arrazistei aurregiteko sentsibilizazio eta artatze programa indartuko dute. “Erasotzaileak Kanpora” lelopean, arreta puntu moreak ezarriko dituzte Portuan jai egun handietan, eta Eraso Matxisten Kontrako Telefonoa ere martxan izango dute 24 orduz, 688 718 797. «Gaur egun oraindik erasoak ematen dira, Gasteizen, Donostian, Bilbon eta bestelako udalerrietan gertatu izan dira, eta horri garrantzia eman nahi diogu», azaldu du Gizarte Kohesiorako zinegotziak.
Gainera, hilaren 3an, 4an eta 5ean arreta gune bat jarriko da Portuan, Azeri elkartearen parean, 20:00etatik 23:00etara. Ondoren, 6an, 8an eta 10ean Itsas Etxean arreta puntua egongo da 20:00etatik 23:00etara eta 23:00etatik 8:00etara artatze puntu bat, telefonoz ez ezik, profesionalak herrian bertan egon daitezen, eraso horiek jasan ditzaketenak artatzeko.