nahia salaberria muñoz

"Ohorea da aurten kantinera bezala emango den aurrerapausoan parte hartzea"

Aimar Lopez 2024ko abu. 26a, 11:45

32 urteko Nahia Salaberria Muñoz izanen da Jaizkibelen aurtengo kantinera: konpainia bezala parte hartuko duen lehena. Gurpildun aulkian bidea eginen duen lehena ere izanen da, duela hiru urte izan zuen istripuaren ondorioz.

Naturalki eman zuen Jaizkibel konpainiaren kantinera izateko izena Nahia Salaberriak, eta uztaila bukaeran zozketaren emaitzaren berri eman ziotenetik sinistu ezinik dabil. “Gogoa eta ilusioa” eragiten zion kantinera izateko aukerak, eta “sorpresa” eragin zion hautatua suertatzeak.

1990. hamarkadan sortu zen alardearen inguruko gatazka txikitatik ezagutu du Salaberriak, eta horri hertsiki lotua da irailaren 8a bizi duen modua. Berdintasunik ez izateak eraman du Jaizkibel konpainia bere erreferente bilakatzera, eta haren buruan eginen du aurtengo hilaren zortzia ere. Urduritasuna pixkanaka nabaritzen ari dela aitortu digu, baina bera baina urduriago dituela hurbilekoak.

Hondarribian bizikidetzari dagokionean ere, sorpresa ederra hartu du izendapenarekin. Azken hilabetean karrikan lasai ibiltzeko gaitasuna galdu badu, agurtzeko eta zoriontzeko gelditzen duten herritarretan alardearen gatazkaren alde orotan daudenak direla azaldu du.

Jaizkibelen lerroetan “gero eta jende gehiago” izateak poza eragiten dio aurtengo kantinerari, eta modu berean berri positibotzat du aurtengo kantinera izateko lehian “inoiz baina pertsona gehiagok” parte hartu izana. Mende erdi baina gehiago luzatu den gatazkan, konpainia parekideak zentralitatea hartu du azken urteetan Salaberriaren ustez, bereziki berea bezalako belaunaldi gazteagoen artean.

Zentralitatea akaso, normaltasunik haatik ez oraindik. Iaz Udalak aurrenekoz harrera egin bazion konpainia parekideari, aurten, lehen aldiz, konpainia gisa desfilatuko du herriko etxearen baimenarekin. Alde batetik joanen da Hondarribiko Alardearen Ondarea Sustatzeko Elkartearen desfilea -Alarde Fundazioaren izen ofiziala hori da-, eta bestetik Jaizkibelena. Bide beretik, baina ordu ezberdinean. Positiboki baloratu du albistea Nahia Salaberriak, pixkanaka bada ere bidea egiten ari direlakoan.

Oztopoez gaindi, aurrera

Gurpildun aulkian eginen du hilaren zortzian hain zuzen ere bide hori berak. Kezkaren bat edo bertze entzun du karrikan eta medioetan, aldapak-eta igotzeko gaitasunik izanen ote duen. Heldu diren egunetan ibilbide osoa egiteko asmoa du, oztopoak eta mugak zein diren ikusteko, baina argi du aulkiak mugak baldin baditu, “konpainia osoa izanen duela atzean bultza egiteko”.

Hala, mugikortasun urrituko herritarrek pairatzen dituzten oztopoak ere ikusgarri eginen dituela espero du, eta ezgaitasunen bat edo bertze izanik ere, gizarteko edozein roletan aritzeko gaitasuna dutela erakutsi nahi du.

Eskerrak eman nahi izan dizkie Salaberriak ondoan izan dituen eta dituen guztiei, bereziki Jaizkibel konpainiari, etxekoei eta lagunei, Narbarte-Arroyo familiari eta ezagutu ez arren elkartasuna erakutsi dioten Txus eta Manuri. Babestua sentitzen dela aitortu du, eta jaso dituen maitasun frogek irailaren 8an karrikara ateratzeko gogoa handitu besterik egiten ez diote.