Uztailaren 29an hasi zen Hondarribiko Udalak bigarren urtez herritarren parte hartzearekin antolatutako Urrezko Intsignia erabakitzeko prozesua. Herriaren izenean ematen den heinean, honek bere iritzia eman dezala garrantzitsua dela pentsatzen du Igor Enparan alkateak. Hala, orain artean erabakia aldebakarrez hartu izan den bitartean, aurten hiru finalisten arteko bozka fasean 774 pertsonek hartu dute parte.
Iaz 1.022 pertsonek eman zuten bozka herriko LGTBIQ+ ikur den Carol Atxukarro zinema makilatzaile eta ileapaintzaile sarituak herritarrek erabakitako lehendabiziko intsignia jaso ahal izateko. Eta oraingo honetan, zientziaren arloan egindako lana lehen planora ekarri, eta egindako ibilbide profesionala aitortu nahi izan diote hondarribiarrek Gloria Gonzalez-Aseginolaza biologo eta ikertzaileari.
Gonzalez-Aseginolazak egun Nafarroako Unibertsitatean egiten du lan, eta Ikerketa Mediko Aplikatuko Zentroko (CIMA) Terapia Genikoko eta Adierazpen Genikoaren Erregulazioko Ikerketa Programaren barruan dagoen Gaixotasun Hepatikoen Terapia Genikoaren Ikerketa Taldeko ikertzaile nagusia da.
New Yorkeko Unibertsitatean lan egin zuen, Ruth Nussenzweig doktorearen eta Moriya Tsuji doktorearen taldean, malariaren aurkako txerto eta tratamendu berriak bilatzen aitzindari izan ziren ikertzaileak. Ondoren, Madrilera itzuli zen, Jesus Prieto irakaslearen Terapia Geniko eta Hepatologia Sailean lanean hasteko eta CIMAko Hepatitis Biralen Terapia Genikoko laborategia zuzentzeko.
2014tik 2019ra bitartean, gene-terapiaren eta gene-adierazpenaren erregulazioaren programaren zuzendaria izan zen, eta 2018ko azaroan, CIMAko zuzendariorde kargua hartu zuen. 2022ko irailetik Berrikuntza eta Transferentzia zuzendaria ere bada. Bere curriculumean nabarmentzekoa da, halaber, Terapia Geniko eta Zelularreko Espainiako Elkarteko presidente hautetsia dela, baita Terapia Geniko eta Zelularreko Europako Elkarteko kontseiluko kide ere.
Irailaren 7an udaletxeko areto nagusian egingo den ekitaldian jasoko du Urrezko Intsignia, jaiei abiada ofiziala emateko txupinaren aurretik.