ortzi alonso

«Hondarbitarrak jaiak elkarrekin eta goxo ospatzera animatu nahi ditut, enpatia ariketa bat eginez gai zabalenetan ere»

Koldo Nausia 2024ko ira. 2a, 09:51

Kultur eskaintzari dagokinez «oparoa» izan den uda borobiltzeko asmotan, jaietan Zea Mays, Doctor Deseo edota Esne Beltza kartelburu izateaz gain, Bentako musika eskaintza eta gazteentzako proposamenak indartu dituzte, besteak beste, «haur, nerabe, gazte zein helduen parte hartzea» sustatzeko. Ehun jarduera baino gehiagoko programazioa gozatuko du herriak irailaren 6tik 11ra.

Ortzi Alonso Kultura eta Herri Nortasunerako hautetsia pozik agertu da udako bilana egiterakoan. Kale jarduera sustatzeko probestu ohi dute eguraldi ona, baina turismoaz haratago «bertakoentzat eskaintza eta bertako kultur taldeek beraien plaza eduki dezaten» ahaleginetan aritu da Hondarribiko Udaleko Kultura saila. «Hondarribian ibili garenok jende gehiegizkoaren uholdea ere ikusi dugu, baina kultur eskaintzari dagokionez hitzordu txukunak izan ditugu», azpimarratzen du Alonsok.  Bereziki uztailaren 12-13ko Hondarribia Kultura festibala, Urmugaren Ur Tanta edota Donostiako Musika Hamabostaldiak Nestor Basterretxeari egindako omenaldia nabarmentzen ditu Kultura ordezkariak.

Eta jaietan ere, bertako musika taldeei aukera emango zaie. Irailaren 9an, adibidez, Psilocybe musika elkartearen proposamenak izango baitira Bentako taulagainean, besteren artean, Hok Ttuk Hamalau herriko rap proiektu kolektiboa.

Jaiak denontzat

Hondarribiko jaietan, 100 jarduera baino gehiagorekin borobilduko dute kultur eskaintzari dagokionez «oparoa» izan den uda. Irailaren 6tik 11ra bitartean herriko 32 elkarte eta eragilerekin batera osatutako programazioa aurkeztu du Udalak. Ortzi Alonso azpimarratu duenez, «herriko eragileei entzun eta haien proposamenak kontuan hartuta ondu du Udalak egitaraua». Eta udal teknikarien lan eskerga handia goraipatzearekin batera, «parte hartzea irizpide orokorra» izan da programazioaren osaketa prozesuan, zein ospakizunak ere ahalik eta partekatuenak izan daitezen.

Zentzu honetan, aurten irailak 7ko txupina Paradoretik jaurti beharrean, Arma Plazako balkoitik egingo da jendaurrean. «Ez da deus berria, Euskal Herriko jai gehienetan hala da, eta pentsatu dugu herritarrekin partekatua behar duela», argitu du Alonsok. Era berean, irisgarritasuna eta bizikidetza bultzatzeko helburua markatu du Udalak eragile eta norbanakoen proposamen eta iradokizunak jaso ondoren. Iaz bezala, aurtengoan ere Mugikortasun urritua duten pertsonentzako guneak erreserbatuko ditu Udalak jaietako ospakizun esanguratsuenetan. Irailak 6an  Gipuzkoa plazan kantineren aurkezpenean, irailak 7an udal ordezkarien Aurreskua ikusteko Arma Plazan eta irailak 8an goiz eta arratsaldez Damarri plazan, eta arratsaldeko desfilean Martxoak 8 plazan. Aurtengo nobedadea ildo honetatik, Bentako eszenatokian izango da, irailaren 6tik 11ra aparteko gune bat ezarriko dutela iragarri baitu Ortzi Alonsok. Lekua aldez aurretik hemen erreserbatu behar da atarian.

Era berean, «haurrentzako gaztelu puzgarriak itzaletan egitea eskatu dute zenbait herritarrek, eta Gernikako Arbolaren belardian jarriko dira, zuhaitzen itzala bilatuz. Eta barraka edo feria gunea Minatera kalera bueltatzea erabaki dugu, irisgarriagoa delako», azaldu du Kultura zinegotziak. Bestalde, gazteen beharrekin ere pentsatu dute. «Ez haur eta ez gazte ez direnentzat zaila izaten da jaietan euren burua kokatzea, horregatik hausnarketa sakona egin dugu haientzako eskaintzako indartzeko», dio. Gazte Kanttua gunea izango da horretarako Kasino Zaharrean. Irailaren 6an 12 urtetik gorakoentzat Graffiti tailerrak eta Asier Burguete DJ diskofesta programatu dute, ondoren Freestyle Hondarribia emanaldiarekin. Irailaren 10ean, aldiz, Andoni Ollokiegi eta Anixeren kontzertuak programatu dituzte eta DJ emanaldiak ondoren.

Jaietako programazio osoa hondarribia.eus atarian duzute eskura. Aldiz, ospakizunei dagokienez, bada Kultura zinegotziak eskatzen duen jarraitu beharreko beste irizpide bat: bizikidetza. Jaiak posible egiteko jende asko lanean dabilela kontuan hartu behar dela oroitarazi du zinegotziak, eta beste hondarribitar askok ez dutela jai egiteko aukerarik. Hortaz, etxe atarietan eta jai eremu nagusietan errespetuz jokatzeko deia luzatu du. Era berean, «urte osoan zehar osatzen dugun komunitateari, hondarribitar guztiei jaiak elkarrekin eta ahalik eta goxoen ospatzera animatu nahi ditut, eta enpatia ariketa bat eginez gai zabalenetan ere».