Abotsanitzek herri batzarra egin zuen atzo Hondarribiko Jaiak aztertzeko, eta Alardeari buruzko bere hausnarketa plazaratu du ohar batean. Igor Enparan alkate eta alderdikideari babes osoa adierazi nahi izan diote, eta honen hitzak haienak egin dituzte: «bidea ilun ikusten bada ere, amildegia handia izanda ere, argitasuna bilatzen jarraituko dugu lanean».
Udal Gobernuan dagoen alderdiaren ustetan «gehienak dira alarde bakarrean emakumearen parte hartzea aldarrikatzen duten ahotsak», baina aldarrikapen hori posizio ezberdinetatik egiten dela dio. 2015ean lehen hausnarketa sakona egin zutenetik herritarrek pausuak eman dituztelakoan dago Abotsanitz: Guztion Alardea, Saindua proposamena, herritar foroa, eta beste… «eta denborak, bizitako gatazka eta tentsioek, gu guztiok eraldatu gaituela» adierazi dute oharrean. «Hondarribia ez da duela 28 urtekoa eta horregatik, Abotsanitzek argi aldarrikatzen du alarde publiko, parekide eta bakarra».
Haien hausnarketaren ondorioetan nabarmendu dute, 2005ean Berdintasun Legea onartu zenetik gaurdaino Hondarribiko Udalak ez dituela baliabideak jarri, ez berdintasun politikak garatu, eta 19 urte pasa direla ekintza positiboak martxan jarri gabe. Aurten, aldiz, «urte luzeetan eman ez diren urratsak ematen ari dira konponbidearen alde». Baina Abotsanitzen aburuz, «batzuek gatazkarekin amaitu baino, gatazka denboran betikotu nahi dutela dirudi, generazio berriei beraien etorkizuneko festak giro baketsu eta zoriontsuan igarotzea ukatuz, frustrazioa elikatuz, urteetako motxilari pisu gehiago sartuz».
Zentzu honetan, hondarribiarrek ez dutela hori merezi dio Abotsanitzek. Eta itopuntutik ateratzeko «elkarrizketan, zubiak eraikitzen eta ezberdinen arteko espazioak sortzeko lanetan» dabiltzala gogoratu dute. Eta deia egin die herritarrei «norberaren ideiak edo asmoak baino handiagoa den zerbaiten alde egiteko, elkarrekin gauzak egin nahi izateko». Izan ere, helburua «garai batean herriaren batasunaren sinbolo izan den Alardeari dizdira berreskuratzea», dela azpimarratu dute.