igor enparan araneta

«Gizarte aldaketa egokiak erraztuko ditut, jaiak soseguz eta lasai bizitzea da alkatetza honen helburua»

Antxeta Irratia 2024ko ira. 4a, 10:15

Hondarribiko alkateak alarde parekide bat lortzeko asmo argia adierazi du. Bere eskumenen barruan «gizarte aldaketa egokiak erraztu» nahi dituela argitu du, «alardea bereizi gabeko rolen bidez ospatzeko bidean» aurrera egiteko. Eta ebazpenari dagokionez, Udalak espazio publikoaren erabileraren banaketa ahalik eta modu egokienean egiteko «saiakera zintzoa» nabarmendu du. 

Igandean egingo dute alardea Hondarribian, eta bizikidetzaren aldeko mezua eman nahi izan du Igor Enparan alkateak, atzo arratsaldean plazaratu zuen prentsa ohar baten bidez:al. Eta Antxeta Irratiak astelehenean aurreratu zituen desfileetarako ebazpenak ere aurkeztu ditu, bere ordutegiekin.

Jaizkibel konpainia goizeko 8:00etan abiatuko da Gernikako Arbolatik, eta alarde baztertzailea 8:55ean. Baina biek partekatuko dute Gernikako Arbolaren belardia aurretik, baita espazio publikoa ere. Izan ere, alkateak alarde parekide bat lortzeko asmo argia adierazi du ohar horretan, azpimarratu duenez, «alkatetza honek, bere eskumenen barruan, gizarte aldaketa egokiak erraztuko ditu, alardea bereizi gabeko rolen bidez ospatzeko bidean aurrera egiteko».

Onartu du ebazpenean jasotakoen harira desadostasunak azaldu dituztela alarde parekidearen kontra daudenek, eta kritikak egon direla. Baina argitu du Udal ebazpen hauetan «espazio publikoaren erabileraren banaketa ahalik eta modu egokienean egiteko saiakera zintzoa egin duela udalak, baina azken egunek erakutsi digute agian etorkizunerako zuzenagoak izan daitezkeen formula objektiboak finkatzeko saiakera» egin beharko dutela.

Gogoan hartu behar da, abuztuaren 23an komunikatu zuela Hondarribiko Udalak bi baimen eman zituela irailaren 8an desfilatzeko: bata Jaizkibel konpainiari, eta bestea, Alardearen Ondarea Sustatzeko Elkarteari -Alarde Fundazioari-. Udalak argi utzi zuen ibilbide beretik baina ordutegi ezberdinean desfilatuko zutela bi elkarteek. Honek zenbait komunikabidetan nahasmena sortu badu ere.

EAJren harrera Jaizkibel konpainiari

Bien bitartean, Hondarribiko EAJk Jaizkibel konpainiari aurreneko aldiz harrera egingo diola jakinarazi zuen atzo. Jaizkibelek udalari desfilatzeko baimena eskatu izana ontzat jo dute jeltzaleek, eta hala, iaz ez bezala, harrera egingo diete. Haatik, gogor kritikatu dute Igor Enparan alkatea, eta herritarren segurtasuna arriskuan dagoela ohartarazi dute: «erabakia zuzentzeko» eskatu diote.

Ohar bidez, astearte arratsaldean Hondarribiko EAJk adierazi du kezkatuak direla irailaren 8an izan daitezkeen istiluekin, azken asteetan «aspaldidanik bizi ez zen tentsio-giroa» sortu baita Hondarribian. Jeltzaleen iritziz, gobernu-taldeak ez du Alarde Fundazioari eta Jaizkibeli emandako baimenen inguruko «komunikazio argirik» egin, eta beraz, nahasmena sortu da herritarren artean, giroa tentsionatuz.