«Konponbidearen aldeko zantzuak» aintzat hartuta, Hondarribiko EH Bilduk Guadalupeko botoan parte hartuko du

Antxeta Irratia 2024ko ira. 5a, 10:05

Koalizio abertzaleak ohar baten bidez iragarri duenez, zinegotziek elizan egongo dira gainerako udalkideekin batera. Bestalde, udaletxeko balkoitik ospatuko dute «momentu historikotzat» jo duten Jaizkibel konpainiaren Zapateroa, eta goizean, elizan egingo diote harrera konpainia parekideari soilik. Alarde pribatuari harrera egitea «matxismoa zuritzea» litzatekeelako.

Irailaren 8ari begira Hondarribiko EH Bilduk aurten izango duen jarrera argitu nahi izan du ohar baten bidez. Abotsanitzek alkatetza eskuratu zuenetik bigarren jaiak izango dira aurtengoak, eta lehenengoak EH Bildu gobernukide denetik. Zentzu honetan, iaz aurreneko keinuak egin zituztela, eta aurten, «Hondarribiko Udalak irailak 8ko eguna antolatzeko duen legitimitatea ikustarazteko» pauso berriak eman dituela nabarmendu du koalizio abertzaleak. Lehendabiziko aldiz konpainia gisa aitortu eta alardeari dagozkion espazioak hartzea ahalbidetu baitio Jaizkibel konpainia parekideari.

Alarde egunean bertan, EH Bilduko zinegotziek elizako eskaileretan egingo diote harrera ofiziala Jaizkibel konpainiari. Ez ordea HAOSek antolatutako alarde pribatuari. Hori egitea «matxismoa zuritzea» litzatekeelako.

Aurten, aldiz, urrats berri bat emango dutela jakinarazi dute: «Konponbidearen aldeko zantzuen ondorioz EH Bilduko zinegotziek Guadalupeko elizan egiten den botoan parte hartuko dute». Eta iragarri dute, arratsaldean Jaizkibel konpainiak aurreneko aldiz Kale Nagusitik jaisten egingo duen Zapateroa udaletxeko balkoitik ospatuko dutela, «momentu historikoa Jaizkibel konpainiarekin batera bizitzeko». 

Dena den, aurten Hondarribiko alkateak iragarri zuen «administrazioaren urte» honetan zenbait aurrerapauso eman badira ere, aurten herriko talde politikoek adierazpen instituzional bateratua adosteko gaitasunik izan ez dutela deitoratu dute oharrean. 2018 ezkero lehen aldia da alkateak bere adierazpen propioa egin behar izan duena.