Arrisku-ebaluazio txostenari jarraituz, Jaizkibelen goizeko kokalekua aldatu dute Gernikako Arbolan

Antxeta Irratia 2024ko ira. 5a, 09:48

Arratsaldeko Zapateroaren ibilbidea ere aldatu dute, udaltzainburuak eginiko arrisku-ebaluazio txostenaren harira. Bi dekretu berri sinatu behar izan zituen alkateak atzo bertan. Jaizkibel konpainiak argi du ez direla kokaleku berrian sartuko, eta ez du segurtasun distantziarik behar denik ikusten ez direlako «herrikideen beldur». 

Jakina den bezala Jaizkibelek konpainia bezala desfilatuko du aurreneko aldiz, eta espazio berriak bereganatu ditu. Baina ika-mika sortu du alkateak sinatutako dekretua. Eta Alardearen egunean, goizeko lehen orduan Jaizkibel konpainia eta alarde pribatuaren konpainiek Gernikako Arbolaren belardia partekatu beharko dutela eta, udaltzainburuak plazaratutako txosten baten ondorioz, kokapenak aldatu zituzten atzo.

Dekretuan jakinarazten denez, Jaizkibel konpainiako kideek Gernikako Arbolako zuhaiztiaren hasieran kokatu beharko dute, eta konpainien artean «zuhurtziazko distantzia» errespetatu beharko dute. Bestalde, arratsaldean Zapateroa Kale Nagusian egin ondoren, Etxenagusia Margolariaren kaletik irten behar zuen konpainiak. Baina Udaltzaingoaren arrisku-ebaluazio txostenaren ondoren, Murrua kalera lekualdatu dute ibilbidea, metro batzuk aurrerago. Txostenak zioenez, 2,5 metroko zabalera duen kale batean 1.400 pertsona 30 minutuko aldian sartzea «arriskutsua» delako. Murrua kaleak 4 metroko zabalera du.

Jaizkibel konpainiaren balorazioa

Azken orduko aldaketa hauen aurrean, Jaizkibel konpainiak azken egunetan herriko giroa lokazteko saiakera guztien gainetik, ospakizun bateratuen eta lasaitasunaren aldeko mezua zabaldu nahi izan du ohar baten bidez. Alderdi politikoen arteko liskarrak ez direla Jaizkibelen kontua, eta haien alorra giza eskubideena dela oroitarazi dute.

Gernikako Arbola dela eta, konpainia parekidea pozik dagoela azpimarratu du, beste konpainia bat bezala egoteko dugun eskubidea ikusgarri egin ahalko delako. Aldaketari dagokionez, aldiz, argi dago beraien ustetan «egokitutako espazioa ez dela konpainiak duen tamainaren proportzionala. Denek dakite ez garela bertan sartuko, udalak, beste konpainiak, udaltzaingoak…», diote. Ez dute beste konpainiekin «segurtasun distantzia» mantedu beharra ikusten. «Gu ez gara gure herrikideen beldur, alboan egon gaitezke» diote oharrean.

Zapateroa dela eta, Murrua kaletik ateratzearen aldaketa begi onez hartu du Jaizkibel konpainiak. Diotenez, hori izan baitzen hasieratik Udalari egindako eskaera.