Eider mendoza

«Badakigu erabaki zailak izaten direla eta kosta egiten dela batzuetan ulertzea, baina guztien partetik ahalegin handiak egiten ari dira Alardearen aferan»

Koldo Nausia 2024ko ira. 5a, 11:31

Hondarribiko EAJk Jaizkibel konpainiari harrera egiteko hartu duen erabakia «koherentea» dela azpimarratu du Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusiak. Agintari jeltzaleak atzo eskualdera egindako bisitan mintzatu zen aurten Hondarribiko alardearen gatazkan eman diren urratsei buruz, eta Hondarribiko jeltzaleek iaz emandako hitza bete dutelakoan dago.

«Iaz esan zuten Udalak baimena ematekotan, Jaizkibel konpainiari harrera egin ziotela, eta aurten hala izan denez hitza beteko dute, eta elizan egongo dira harrera egiten», adierazi du Eider Mendozak. Nolanahi ere, eta Gipuzkoako agintari gorena den heinean, pausu guztiak ondo baloratzen dituela azpimarratu du. «Badakigu erabaki zailak izaten direla askotan, eta kosta egiten dela batzuetan ulertzea», dio Mendozak, baina Gipuzkoako Foru Aldundiak lanketa honi urtetan eutsi diola gogoratu du, eta «Udalaren partetik eta alderdi politiko guztien partetik egiten ari diren ahaleginak» aitortu nahi izan ditu diputatu nagusiak.

Zentzu honetan, Aldundiak aurrerapauso guztiak ondo baloratzen dituela argitu du, eta irailaren 8an «iaz bezala, bi alardeei harrera egiten» egongo dela iragarri du.