Jaiak «maitasunez, eskuzabaltasunez, errespetuz eta bizipozez» ospatzeko deia egin dute Hondarribiko haurrek

Koldo Nausia 2024ko ira. 6a, 13:03

2018az geroztik ospatzen den "Pregoi Txikia" ondo errotu egin da Hondarribiko Jaietan. Aurtengoan ere, programazio ofiziala abiatzeko Kale Nagusia konfetiz eta ilusioz bete du Udalak haurrei protagonismo osoa emateko xedez. Puztuki erraldoiak lehertuz eta «festa baketsuak» desiratuz ekin diote herriko ehunka haurrek aurtengo festari. 

Hondarribiko Jaiak abiatu dira. Ostiralean, goizeko 11:00etan emana zien Udalak herriko haurrei protagonismoa, azken urteetan "Pregoilari Txikia"ren ekitaldiarekin, eta txupina beharrean, konfeti eta puztuki erraldoiak udaletxeko balkoitik jaurtiz ematen baitiote hasiera jaiei. Ondoren zezen puzgarrien entzierroa ere egin dute Santa Maria atetik hasita Alde Zaharrean barrena.

Naia Sainz de Bikuña, Helene Mihu, Adur Elizetxea eta Alaia Zarrazkin, aurtengo pregoilariak.

2018an hasi zen Udala ekimen hau bultzatzen. Eta aurreko urteetan 9 urteko neska-mutil bana hautatu izan dituzten bitartean, aurten  lau umek partekatu dute Hondarribiko Jaietako "Pregoi Txikia" emateko ardura. Urduri zeuden Naia Sainz de Bikuña, Helene Mihu, Alaia Zarrazkin eta Adur Elizetxea, baina ideiak argi izan dituzte udaletxeko arkupean egindako hitzartzean. Asier Burguetek aurkezle eta animazio lanak eginez, txistulariez lagunduta eta udalbatzako zinegotzi guztiek babesarekin hartu dute hitza herriko haur eta familien aurrean.

Kale Nagusia haurrei uzten zaienean, bestelakoa da festa. Hala, Pregoilari Txikiek «festa baketsuak» desiratu dizkiete hondarribitar guztiei. Eta  haurrei Hondarribira jaietaz gozatzera etor daitezen gonbidatzearekin batera, helduak «maitasunez, eskuzabaltasunez, errespetuz eta bizipozez» festa egitera animatu nahi izan dituzte pregoilari txikiek hitzartzean.