Beste sei greba egun deitu ditu ELAk Hondarribiko Etxez Etxeko Laguntzan

Koldo Nausia 2024ko ira. 12a, 10:31

Udalak azpikontrata bidez eskaintzen duen zerbitzu publikoa izanik, Zaintzen-Cleceko 25 langileek, denak emakumeak, borrokan jarraitzen dute negoziaketa blokeatuta dagoelako. Orain arte egindako 12 greba egunen ondotik (azken zazpiak ekainean), hitzarmen berri bat aldarrikatzen dute. Udaleko lorazain, mantenu edo kiroldegiko langileek baino 8.000 euro gutxiago kobratzen dute. 

Hondarribiko Etxez Etxeko Zerbitzuko langileek bost eguneko grebaldia hasiko dute gaur. Irailaren 12, 13, 16, 17 eta 26rako deitu ditu ELA sindikatuak greba, joan den ekainan egindako zazpi egunen mobilizazioei jarraipena emanez. Izan ere, ekainan Hondarribiko Udalak azpikontrataren baldintzak hobetzeko diru gehiago eskaintzeko prest azaldu bazen ere, Zaintzen-Clece enpresa eta langileen ordezkariekin negoziazio mahaian esertzeko ezintasuna adierazi zien.

Ezinbesteko zerbitzua dute 160 hondarribiar baino gehiagok. Izan ere, Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzua 25 langile kualifikatuk ematen dute Hondarribian, ohiko ingurunean egoteko zailtasunak dituzten adineko pertsonak edota dependentzia egoeran daudenen bizi kalitatea hobetzeko eta autonomia sustatzeko helburuarekin. 25 langileak emakumeak dira, eta horietariko lauk soilik dute jardunaldi osoa, gainontzekoek jardunaldi partzialekin egiten dute aurrera. Diotenez, ez dute egutegi finkorik eta lan egiten dituzten orduak kobratzen dituzte soilik, baina lan mota dela eta, telefonoa sakelean eta beti prest egon behar dute oso ordutegi tarte zabaletan, eta herriko txoko batetik bestera mugituz. 

Lan baldintza ekonomikoei dagokienez, Udalak azpikontrataturiko herriko beste sektoreetako langileen soldata baino %30 txikiagoa dela salatu du ELA sindikatuak. Etxez etxeko langileek urtean jasotzen duten ordainsaria, lorezainek, kiroldegiko langileek edo mantenimenduko langileek baino 8.000 euro gutxiagokoa baita.

Ekaineko grebaldian udaletxeko arkupetan eman zuten mobilizazioen berri. Irudia: Hitza/A.Mendizabal

Dena dela, Hondarribiko Udalak azpikontratatua duen zerbitzu honen lan gatazka eta aldarrikapenak ez dira berriak. Kontu zaharra dira, Udalak esleitutako aurreko kontratuaren garaietan ere errepikatu izan dena. 2017an iada, aurreko kontratua iraungi eta 2019an grebara jo behar izan zuten euren lan baldintzen defentsan. 2021a arte borrokatu behar izan zuten garaiko EAJren Udal Gobernuak (Gotzone Larrarte Gizarte Zerbitzuetako zinegotzi zela) Udalak kontratu pliegu berria hobetzea lortzeko.

Tartean pandemiak erakutsi zuen ezinbesteko zerbitzua zela, baina langile hauek ez zituztela tamainako lan baldintzak. Azken kontratu hartan, urtean 442.000 euroko kontratu batetik 770.000 eurotara emendatu zuen Udalak langileen baldintzak hobetzeko konpromisoarekin. Baina ELA sindikatuak “azpikontrataren ondorioz enpresaren etekinak” lehentasuna direla salatu du, bistan delako hobekuntza hark ez duela langileen poltsikotan nahi bezala eragin. Garai haietan, oposizioan zegoen Abotsanitz udal taldeak etxez etxeko zerbitzua munizipalizatzeko beharra aldarrikatu zuen.