Abuztuan iaz baino 3.000 bidaiari gutxiago jaso ditu aireportuak, Iberiaren arazoak medio

Antxeta Irratia 2024ko ira. 13a, 10:35

Hondarribiko aireportuko bidaiari trafikoak %12 egin du behera abuztuan, bereziki Iberiak hegazkinekin izan dituen arazoak medio. Uztail erdialdetik aurrera, Madril eta Hondarribia arteko zortzi hegaldi bertan behera gelditu ziren, eguraldi txarra egiten zuelako, edo Iberiak hegazkinik ez zuelako.

Hala eta guztiz ere, 43.450 bidaiarik erabili dute aireportu gipuzkoarra, iazko abuztuan baino 3.000 gutxiagok. Gogoratu beharra dago 2024 honetan hilabetez hilabete marka guztiak apurtu dituela aireportuak. Eta ekaina arte %4,9ko hobekuntza akumulatua zeramala. Baina abuztuko datuak kontuan hartuta, eta arazoak arazo, abuztura arteko mugimendua iazkoa baino %0,7 handiagoa izan da orain artean. Dagoeneko 320.000 bidaiarirekin.

Ezin ahantzi daiteke, udaldi honetan inoizko eskaintzarik zabalena izan duela Hondarribiko aireportuak. Iberia, Volotea, Vueling, Binter eta British Airways-CityFlyer aritu dira bertan lanean, Madril, Bartzelona, Sevilla, Valentzia, Malaga, Kanariar Uharteak, Balear Uharteetako Mallorcako Palma eta Menorca, Londres eta, maiatzaren erditsutik uztailaren 30era arte, Eskoziako Edinburgo hiriburuarekin ere lotuta egon dela.