Hondarribiko Etxez Etxeko Zerbitzuko langileek joan den astean hasitako grebaldiaren hirugarren greba eguna dute gaur. Irailaren 17an eta 26ean ere deituak ditu ELA sindikatuak hurrengo greba egunak. Joan den ekainaren zazpi egun eta uztailaren 15etik 19ra egindako beste bost greba egunei batzen zaizkie honakoak. Izan ere, Udalaren azpikontrata den Zaintzen-Clece enpresak ez du negoziaziorik bideratu orain arte.
Ekainean esleitu zion Hondarribiko Udalak kontratu berria enpresari, 2021eko azken kontratua iraungita zegoenez, zerbitzua emango zela segurtatu eta horri jarraipena emanez. Udalak 25 langile hauen baldintzak hobetzeko diru gehiago eskaintzeko prest azaldu bazen ere, Zaintzen-Clece enpresa eta langileen ordezkariekin negoziazio mahaian esertzeko ezintasuna adierazi zien. Gaur Goizeko Kafean Josu Peñak, Gizarte Kohesiorako zinegotziak argitu duenez, «ezin gara negoziazio pribatu baten parte izan, baina lortzen duten hitzarmena lortzen dutela, argi eta garbi esan genien ez dugula arazorik izango behar haina diru jartzeko, nahiz eta Udalari suposatu kriston aurrekontu gorakada».
Hala eta guztiz ere, Udalak ekainean azken eguna arte itxaron zuela gogoratzen du, Lan Hitzarmen berri bat adosterik ote zuten esperoan. Izan ere, indarrean dagoena aplikatu behar du Udalak, eta halakorik eman ez zenez, urtebeteko kontratua lizitatu zuten. «Normalean horrelako lizitazioak 3 edo 4 urtetarako izaten dira, baina gu langileen ikuspegian jarrita pentsatu genuen, lan gatazka luzatzea ekarriko lukeela horrek. Eta urtebeteko epean Lan Hitzarmen berria adosterik badute, kontratu berria esleitzerakoan aplikatuko genuke», nabarmendu du Josu Peñak. Hortaz, kontratu ahalik eta laburrena egin dute, urte honetan zehar langile eta enpresak Lan Hitzarmen berrian lan baldintzak hobetzeko aukera izango dutelakoan.
Aldiz, horretara mugatuko litzateke langileen baldintzen hobekuntza. Izan ere, Udal Gobernuak halako oinarrizko zerbitzuak munizipalizatzeko helburua badu ere, Udal Gobernuak gaur gaurkotz ezinezkoa duela argitu du. Gogoan hartzen du Udalak 2017 eta 2021 urteen artean izandako udal zerbitzuen lan gatazka guztietan, Abotsanitzek oinarrizko zerbitzuen munizipalizazioa aldarrikatu izan duela. Oposizioan zeuden orduan, eta Udal Gobernuan dauden honetan, Hernani, Usurbil, Oiartzun edota Oreretako udaletan egin duten bezala, Hondarribiko 25 langile hauek ere, denak emakumeak, udal langile bilakatzeko helburuari ez diote uko egiten. Baina gaur gaurkotz ezinezkoa dela aitortu du.
Zerbitzuaren munizipalizazioa ezinezkoa
«Abotsanitzetik askotan aldarrikatu dugun zerbait da, eta Udal Gobernu bezala ere ikusten dugu ahalik eta langile talde egonkorrago bat izanda, zerbitzua eta lan baldintzak ere hobetuko liratekeela», esan du Gizarte Kohesiorako ordezkariak. Haatik, udal langilegoaren interinitate maila oso handia da Hondarribiko Udalean gaur egun, %70 ingurukoa. Udal Gobernua lanetan dabil hori apaltzeko «egonkortze plan batean lanean» ari dela gogoratu du, eta horrek etorkizun batean halako lanpostuak udal langilez osatzeko aukera eman dezakeela dio. Baina momentu honetan «ezinezkoa» da bere ustez, eta hurrengo kontratua ere azpinkotrata bidez esleitu beharko dela iragarri du.
Ezin estali daiteke ELA sindikatuak salatu duena. Udalak azpikontrataturiko herriko beste sektoreetako langileen soldata baino %30 txikiagoa dela etxez etxeko zaintzaileena. Urtean jasotzen duten ordainsaria, lorezainek, kiroldegiko langileek edo mantenimenduko langileek baino 8.000 euro gutxiagokoa baita.