2019ko urriaren 18a Greba Orokor eguna izan zen Katalunian, Espainiako Auzitegi Gorenak Procès independentistako agintarien aurkako epaia eman ondotik. Euskal Herrian, Bilbon mobilizazioa izan zen arratsaldean, San Mameseko sarreran eserialdi bat eginez hiriko sartze-irteerak blokatuz.
Ertzaintzak interbentzio handia egin zuen protesta desegiteko, eta hainbat herritar atxilotu zituzten, tartean Ekain Martin gazte hondarribiarra; Bilbon ikasketak egiten ari zen garaian. Desordena publikoak eragitea eta autoritatearekiko erresistentzia agertzeagatik auzipetu zuten, eta azkenean fiskaltzarekin akordioa lortu zuen, zortzi hilabetean egunero zortzi euroko zigorra onartuz.
Beste auzipetu batzuek baina, helegitea jarri zuten. Eta Ekain Martinen kasuan isuna nola ordaindu zehazten ari zirela, 2024ko ekainean Amnistia Legea onartu zuen espainiar Kongresuak. Martinek azaldu duenez, Ezker Abertzalearen inguruko abokatu batek amnistia legea haien kasuan aplikatzeko aukera ikusi zuen, legean zehazten diren delitu motak leporatzen baitzizkieten Bilboko auzipetuei, eta legeak ez baitzuen lurraldetasuna Kataluniara mugatzen.
Hala, uda honetan errekurtsoa onartu du Bizkaiko Lurralde Auzitegiko bigarren aretoak, eta auzipetuei Amnistia Legea aplikatu diete. Ondorioz, zigor oro eta irekia zen auzibide oro baliogabetua gelditzen da, eta aurrekari penalak ere ezabatuko dizkiete. Martinen kasuan, ordaintzekoa zuen 1.200 euro inguruko isuna baliogabetu dute, aurrekariez gain.
Kontent agertu da Ekain Martin Antxeta Irratian, bost urtez luzatu den ibilbide judiziala bukaera honetara iritsirik. Modu berean, antzeko kausengatik auziperatuak diren edo zigortuak izan diren guztiei ere Amnistia Legea aplikatzeko eskatu du.