Autoak agindu ohi duen lekuan, txirrinda eta herritarrak jarri dituzte erdigunean Mendelun egun batez

Aitor Errazkin 2024ko ira. 23a, 12:18

Irun eta Hondarribia arteko bizikletentzako lotura seguru bat Mendelun. Hori aldarrikatzeko aukera izan zuten atzo, Mugikortasun Jasangarriaren Astea Borobiltzeko, Kotxerik Gabeko Egunean Hondarribiko Udalak eta Balazta bizikletaren aldeko elkarteak antolatutako Auzo Bestan. Goizeko 8:00etatik 14:00etara Mendelu kalea itxi, eta familientzako jarduera andana proposatu zituzten.

Hausnarketari bide eman dion festa ospatu dute Mendelun igandean, errepidea aurreneko aldiz itxi dutela probestuta. Gorka Obeso, Balazta elkarteko presidenteak aipatu digunez, Mendeluko errepidetik batez bestean egunero 8.000 ibilgailu baino gehiago pasatzen dira, eta egoera konpontzeko alternatibak aurkeztu dizkiete Udalari. Izan ere, Eusko Jaurlaritzak bultzatuta, Plaiaunditik datorren eta Mendeluko Los Planetas etxebizitzen atzealdetik doan bidegorri proiektua gelditua dago une honetan. Obra esleitzeko epeak gaindituta, deialdia berriz luzatu beharko dute.

Nolanahi ere, atzoko frogarekin pozik azaldu zen Balazta elkartea. «Auzoarentzat espazio berreskuratu daitekeela erakutsi dugu, gaur herri bateko kalea zirudien Mendelu eta ez kotxeen menpe dagoen autopista bat», dio Obesok. 

Hondarribiko Udalak ere, balorazio baikorra egin du atzoko saiakerarekin. Gipuzkoako Foru Aldundiari Mendelu kalea Udalak kudeatu ahal izateko eskaera luzatu diotela argitu du Estitxu Urtizberea alkateordeak. Baina momentuz, eskumena aldundiarena izanik ere, zirkulazio handiko halako kale bat ixteak traumarik ez duela sortu dio. «Errepide honek auzoa erdibitzen du egunerokoan, eta Hondarribian guneren batek merezi badu auzotarrentzat espazioa berreskuratzeko ahalegina egitea, Mendelu da dudarik gabe», azpimarratu du. Irun eta Hondarribia arteko lotura garrantzitsua da, eta «ulergarritzat» jotzen du alkateordeak «errepide honekin eskuak lotuak» dituztela, baina aldundiarekin aurrera daramaten lanketan borondatea dagoela uste du, eta HAPOak ere gauzak aldatzeko aukera emango duelakoan dago. Kotxerik Gabeko Egunean, nolanahi ere, Udalak eman nahi izan duen mezua ere garbi dauka Urtizbereak: «espazio publikoak berreskuratu behar ditugula, kotxea alboratuz gero giza harremanak ere aldatzen direlako, hiria bizitzeko modua aldatzen dela ohartu behar gara». 

Mendelu auzoko besta, goizeko 10.30ean Bizikleta Martxa batekin hasi zen Gernikako Arblatik. Ondoren, hainbat jarduera antolatu zituzten, txikientzako puzgarriak, moto txikien zirkuitoa, aurpegi margoketa tailerrak, musika eta animazioak besteak beste. Ekimen guztiak Mendelu errepidearen erdian egin zituzten. Bizikleta eta pertsonak erdigunean jarriz.