Hondarribian, kaleetan eta parketan euskara sustatzeko programa bueltan da. Hondarribiko Udalak eta Hezten elkarteak herriko 3 eta 9 urte arteko haurrek jolastea eta gozatzea euskararekin lot dezaten helburu du programa honek, euskararen erabilera haurtzarotik indartzeko. Iaz udazkenean antolatutako aurreneko saiakerak jasotako harrera beroa ikusita, udaberrian errepikatu egin zuten. Eta bistan da ondo joan zela, ikasturte honetan bueltan baita.
Gainera, iaz Puntaleko parkean antolatu zuten bitartean, aurten programa herriko beste parke batzuetara zabaltzea erabaki dute. Datozen lau ostegunetan egingo dituzte udazken hontako saioak, bina Biteriko parkean, eta bana Satarka eta Puntalekoan.
Mertxe Gerriko, egitasmoaren eramaileak azaldu digunez, Hondarribian halako jardueren beharra dagoela identifikatu dute. «Herritarren %70a euskal-hiztuna bada ere, 2021ean egindako azken inkestek diote %16ak egiten duela euskaraz kalean, eta haurren artean oraindik ere apalagoa da», dio kezkaturik. «Geroz eta txikiagoen artean ikusten dugu herrian erdaraz harremantzen direla», dio kezkaturik. Izan ere, herriko haurren eta gazteen %10a besterik ez da kalean euskaraz bizi. «Haur askorentzat euskara eskolarako hizkuntza bilakatu da, eta aisialdian ere, eskolaz kanpo gozatzearekin lotu dezaten bilatzen du egitasmo honek», argitzen du Gerrikok.
Egitasmoaren koordinatzaileak aipatu digunez, herrian euskararen erabilera apalaren aurrean, hizkuntza ohituretan eragiteko halako programak ezinbestekoak dira. Horretarako Hezten-eko jolas dinamizatzaileen laguntzaz, jolas saioak burutuko dituzte hurrengo egunetan. Irailaren 26an Biteriko parkean izango da hitzordua, urriaren 3an Satarkako parkean, urriaren 10ean Puntaleko parkean, eta azkena, urriaren 17an, Biteriko parkean.
Parketarrak egitasmoa umeen adinaren araberako bi taldetan banatzen dutela gogoratzen dute. Batetik, 'Zabu-Zibu' izeneko taldean (17:00etan) 3-5 urte bitarteko haurrak eta haien gurasoak ariko dira, hezitzaileek dinamizatuta. Eta bestetik, 'Txirrintxon' izenekoan (18:00) 6-9 urte bitarteko haurrak gomit izango dira, hauek gurasorik gabe.