Bertakoa eta garaian garaikoa balioan jarri nahi dute Hondarribian

Koldo Nausia 2024ko ira. 26a, 11:13

Herriko ekoizleek eskaintzen dizkiguten oinarrizko elikagai eta gutiziak bilduko ditu Bertako Produktuaren Asteak, irailaren 30etik urriaren 6ra. Herritarren kontsumo ohiturak eraldatzeko dibulgazioan ahalegina egin dute aurten. Urriaren 5eko azoka bereziaz gain, agroekologia, arrantza, abeltzaintza eta erlezaintzarekin batera, txokolatea, gazta edo kafeak ere presentzia izango dute antolatutako 15 tailerretan.

Urtero bezala, Bertako Produktuaren Astea ospatuko dute Hondarribian. Baina ez da urteroko sasoi berean ospatuko. Orain artean apirilan egin bada, oraingoan irailaren 30etik urriaren 6ra bertako produktuak eta haien ekoizle diren lehen sektoreko profesionalen lana ezagutarazteko astea antolatu du Hondarribiko Udalak, herriko nekazari, arrantzale, abeltzain, erlezain eta haien mozkinekin euren platerak osatzen dituzten ostalariekin batera, besteak beste. Ekimen honen helburua zein den kontuan hartuta, garaia aldatzea erabaki du Udalak aurten.

Aldaketa honen arrazoi nagusia argitu du Estitxu Urtizberea alkateorde eta Jarduera Ekonomikoetarako udal ordezkariak. «Ohartu ginen aurreko edizioetan bertako produktuak asteari izena ematen ziola, baina gure baratze eta itsasoak ez zituela sasoian harrapatzen, eta produktua bera bigarren plano batean geratzen zela», adierazi du Damarri plazako baserritar azokan egindako aurkezpenean.

Herriko produktuen adierazgarri

Aurtengo edizioan herriko lehen sektorearen eskaintza zabala biltzen saiatu dira. «Iruditzen zaigu oso anitza geratu dela», dio Urtizbereak, «lehendik ukitzen ez ziren produktu batzuk sartu direlako, abeltzaintza, eztia, kafea edo txokolatea». Larunbateko azoka ere ohikoa baino zabalagoa izango da, eta haur eta familientzako hainbat tailer egingo dituzte San Pedro kalean bertan. Orotara 15 tailer eta ekintza izango dira astebeteko programazioan. Eta antolatutako egitarau zabala herritarren kontsumo ohiturak aldatzeko helburua duenez, eskolartekoei begirako ekintzak ez dira faltako. 

Damarri plazako baserritarren azokan aurkeztu dute aurtengo egitaraua parte-hartzaileekin batera. 

Izan ere, aurten «esfortzua eta fokua dibulgazioan» jarri nahi izan baitute. Horretarako, Botikan Udalak lagatutako Agroaldean ari diren Eneko Ugarte eta Amuntza proiektuko Leire Etxaide ariko dira dibulgazio lan horretan, bertatik bertara, baratze eta basa landareak ezagutzeko mendi txango bat proposatuz. «Aldaketa txiki batzuk eginda, bertako produktuaren eskaintza zabaldu izana eskertzekoa da», dio Etxaidek, «eta haurrak eta herritarrak sentsibilizatzeko bisitak eta txangoak egingo ditugu». Bere kasuan basa landareak ezagutara emateko mendi irteera egingo du urriaren 6an 10:30ean. Bestalde, Agroaldeara bisita urriaren 1ean egingo dute eskolartekoek nekazaritza ekologikoa eta kontsumo taldeen errealitatea gizarteratzeko. Bisita eskaintza borobiltzeko, Hiruzta txakolindegian ere mahats bilketa garaia ezagutzeko aukera emango dute urriaren 3an 18:00tan. 

Haatik, nekazaritza ez ezik, bertako lehen sektorearen isla izan nahi du Bertako Produktuaren Astea. Eta herrian topa daitezkeen ekoizle eta produktu eskaintzaren ahal bezain adierazgarrien izatearren, baratzeak edo arrantzaz gain, Lurka proiektuko Pablo Ibarretxek txokolateari buruz hitz egingo du irailaren 30ean 18:00tan San Pedro kaleko Olako dendan. Egun berean, 17:00etan Itsas Etxeko elkartean "Erle eta Eztiaren sekretuak" hitzaldia emango dute Bidasoko Erlezainen Elkarteko kideek. Euskal gazta, Irungo tostadorearen eskutik kafea edota Mugarrieta Ganadutegiko Ion Areitio hondarribiarraren eskutik, Eusko Labela duen haragiaren ekoizpen prozesua erakutsiko dute urriaren 30ean 18:30ean antolatutako bisitan.

Ekoizleen eskuetatik sukaldera

Herriko ostalaritzak ere badu zeresana egunerokoan, tokiko produktuaren aldeko apostua eginez. Bertako Produktuaren Astean, hain zuzen, Alde Zaharreko Badia tabernako Amaia Urdangarin eta Portua auzoko Arraunlari Berri jatetxeko Xabier Izagirre sukaldariek parte hartuko dute. Argi dute biek, bertako produktua balioan jartzeak, herriko ostalaritza ere balioan jartzen duela. «Bertako produktua balioan jarri nahi dugu, jatetxean ere Honddarbiko nekazarien produktuak erabiltzen ditugun moduan», azpimarratu du Izagirrek. 

Amaia Urdangarinen kasuan, urriaren 3an 17:00etan fruta eta barazki goxokiak egingo ditu haurrentzako tailer batean Badia tabernan bertan. Eta urriaren 5eko San Pedro kaleko azokan, garaian garaiko produktuekin Showcoocking edo aurrez-aurreko sukaldaritza saio bat egingo du 11:00etan azokan bertan. «Iruditzen zait inportantea dela umeei txikitatik bertako produktuen garrantzia ezagutzea eta harremana izatea horrekin. San Pedro kaleko saioan, aldiz, lehen aldia da niretzat, eta bertako txipiroiak eta barazkiak erabiliko ditut», aurreratu du. 

Azoka denboran hainabt tailer egingo dituzte sukaldaritzari lotuak, haurren alde artistikoa sustatu nahian. Maore Sagarzazu disenatzaile grafikoak, adibidez, sukaldeko amantala pertsonalizatuak egiteko tailerra proposatuko du 12:00tan. 

Udalak oroitarazi duenez, tailerretan izena emateko epea zabalik dago, eta plaza gutxi batzuk besterik ez dira geratzen «interes handia piztu» dutelako. Udalaren webgunean izena eman daiteke, eta bertan topatuko duzute astebeteko egitarau osoa ere.