Hondarribiko Udaleko Bizikidetza Batzordeak bultzatuta, eta Memoria Demokratikoaren Legea betearazteko helburuarekin, 36ko Estatu Kolpetik, ondoko gerra eta 40 urteko diktadura garaian Hondarribian gertatutakoari buruzko ezagutza sustatzen jarraitu nahi du Udalak. Giza eskubideen urraketa eta jasandako bidegabekeriak salatu eta bizi izandako penak aitortuz batetik, eta historiaren orrialde ilunenak azaleraziz, eta ahal den neurrian biktimak berrezarriz.
Oraingo honetan, Hondarribiko Memorian sakontzeko herriko zenbait historialarik eta ikerlarik egindako lanari esker argitu ahal izan du Udalak 1936-1939 urtealdian errepresaliatutako udal ordezkari eta langileen zerrenda. Fermin Olaskoagak hiriko familien inguruan egindako lan eskerga batetik, eta era berean, Joxerra Enparan, Aitzol Arroyo, Pedro Barruso eta Koldo Ortega historialariek eskainitako aholkularitza eta ezagutza ezinbestekoak izan dira.
Horiek hala, hiru urte haietan frankismoak errepresaliatutako 27 alkate, zinegotzi eta udal langileei omenaldia egiteaz gain, Memoria Demokratikoaren Legeak agintzen duen "egia, justizia eta erreparazioaren" irizpideei jarraiki, haien erreparazio aktak beren senideei eman nahi die Udalak. Gogoan hartu behar baita, 1936ko Estatu Kolpearen ondoren, gerra eta diktadura urteak iritsi zirela, eta Hondarribiko Udaleko hainbat alkate, zinegotzi eta langile beren erantzukizun eta eginkizunetatik kendu zituztela.
Haien guztien duintasuna berrezartzeko helburuarekin omenaldia antolatu dute Itsas Etxean, urriaren 26an 12:00etan. Ekitaldira omendutakoen oinordekoak gonbidatuko dituzte. Hala ere, udal ordezkariek aitortu dutenez, orain artean ezin izan dute denekin harremanetan jarri ahal izan. Hortaz, familiei Udalarekin harremanetan jar daitezela eskatu dute. «Urratsak eman dira familia guztiak gonbidatzeko, baina zaila da, igarotako denboragatik», argitu dute.
Informatzeko deitu 685 72 00 32 telefonora edo bakeola@edefundazioa.org helbidera.
Hau da omenduak izango diren errepresaliatutako pertsonen zerrenda:
Alkateak: Manuel Canoura Hernandorena eta Ramón Pérez Pérez.
Zinegotziak: Floro Izaguirre Aguirrezabal; Juan Garmendia Iriazabal; Enrique Berrotaran Sagarzazu; Angel Urrutia Zuzuarregui; Pedro Alcain Berrotaran; Anselmo Salaverria Picavea; Pedro García Ortiz; Juan Telleria Larrea; eta Juan Jose Petit Ory.
Udal langileak: Angel Telleria Zumalakarregi, Jose Miguel Echaniz Arruti; Arturo Hernández San Martin; Candido Ostolaza Garate; Antonio Bernedo Fernández; Luis Telleria Larrea; Alberto Lasa Badiola; Jesus Zubeldia Garaño; Martin Goicoechea Loidi; Francisco Sagrado Zubiaga; Antonio Tobalina Pérez; Juan Tolosa Catarain; Jesus Sagrado Azurmendi; Ramon Campandegui Sagarzazu; Francisco Lapitz Campandegui eta Cayo Lasa Zala.