Euskal Herrian zientzia, artea eta letretan bikaintasuna lortu duten emakumeen lekuko den erakusketa ibiltaria aurkeztu dute Jakiundek eta Hondarribiko Udalak Harresilanda kalean. Erreginaren Baluartearen azpian, Biteri eskola parean kokatu dute '24 EMAKUME zientzian, artean eta letretan’ izeneko erakusketa, eta urriaren 28a arte mantenduko dute bertan. «Oraindik ere emakumeak zientzietan, arteetan eta letretan jokatzen duen papera ikusarazteko beharra dagoela» nabarmendu du Ortzi Alonso Kultura zinegotziak.
Izan ere, unibertsitatean emakume gehiago dira zientzietan ikasten dutenak Euskal Herrian gizonezkoak baino, aldiz, ikerkuntza eta berrikuntzari lotutako katedradunen %25 dira emakumeak, eta ikerlarien herena besterik ez. Hortaz, Euskal Herriko Zientzia, Arte eta Letren Akademiaren kide diren 24 emakumeen irudiak eta haien istorioa jasotzen duen erakusketa ibiltariak helburu pedagogikoa du. Erakunde hontako idazkari Jakeline Barkerrek azaldu digunez, «neska-mutilek aukera berdintasunean ikasi eta lan egin dezaketela erakutsi nahi izan dugu, eta edozein diziplinatan dela ere, emakume erreferentzialak badaudela norbere alorrean gorenera iritsi direnak gizarteratzeko».
Horretarako 24 aukeratu dituzte, baina «adibide batzuk besterik ez dira, askoz ere gehiago daude» Euskal Herrian argitzen du. Euskal Herrian bezala, Hondarribian ere. Irailaren 7an herriko jaietan Hiriko Urrezko Intsignia Gloria Gonzalez Aseginolaza zientzialariak jaso berri duela oroitarazi dute udal ordezkariek. Haatik, bera ez dago hautatuen artean oraingo honetan. Erakusketako 24 kideen argazkiak eta bideoak Marina Palaciok eginak dira, eta Jakiunderen 2022ko eta 2023ko egutegian dute jatorria. Jarraipena ematen diote ekimenari, beraz, adibide gehiago iritsiko dira 2025eko alean.
Egungo ikasleak, etorkizuneko adituak
Orain “Emakumeak zientzietan, arteetan eta letretan” erakusketaren 24 irudiek Hondarribian egingo dute pedagogia. Barkerrek argitu duenez, hezkuntzari lotutako Euskal Herriko hainbat txoko enblematikotatik pasa da erakusketa otsailan San Telmo Museoaren aurreko Zuloaga plazan estreinatu zutenetik. Hala, Beragarako Laboratorium museoan, Bilboko Deustuko Unibertsitateko klaustroan, Leioako EHUko kanpusean edota udan Miramar Jauregiko lorategian erakutsi dute. «Ikasleak izan ditu inguruan ia beti, helburua zein den kontuan hartuta», azpimarratu du Jakiundeko idazkariak.
Hondarribian ere, Biteri eskola parean kokatu dute, eta ez kasualidadez. Maddi Carton Udaleko Turismo eta Merkataritzako teknikariak kontatu digunez, «garrantzitsua da haurrei mezua iristea, eta herrio hiru ikastetxeei gaia lantzeko erakusketaren berri eman diegu». Era berean, urriaren 25ean, erakusketarekin lotuta “24 Emakume, zientzia, arte eta letretan eta azpititulua: Joanak joan, etorkizun kontakizun (Nuevos puentes, del pasado al futuro” hitzaldia antolatu dute 19:00tan Kultur Etxean. Solaskideak, erakusketan parte hartzen duten Jakiundeko hiru kide izango dira gonbidatuak: Mariasun Landa idazlea, Aran García-Lekue fisikaria, Ikerbasque ikertzailea, Donostia International Physics Center-en, eta Oihana Otaegui, ingeniaria, VICOMTECH enpresako Garraio Sistema Adimentsuen Saileko zuzendaria.