Txingudi bailaran kontsumitzen ditugun elikagaien %2 baizik ez da ekologikoan ekoizten gaur egun. Eta bertako produktuari dagokionez, %6a baizik ez da. Aldiz, gure kontsumitzeko eredua elikadura burujabetzaren urratsetan bideratzeko alternatibak daudela erakutsi du Hondarribiko Bertako Produktuaren Asteak. Aipatutako bisita eta tailerretan, Ion Areitioren Mugarrieta ganadutegia, Hiruzta txakolindegia, Bidasoko Erlezainen Elkarteko kideekin ezti ekoizpena eta erleen polinizazioaren garrantzia edota Botika Agroaldera egindako bisitan, bertako nekazarien baratzeak ezagutzeko aukera eman dute, besteak beste.
Joan den larunbatean, aldiz, San Pedro kaleko baserritarren azoka ohikoa baino zabalagoa antolatu zuten. Eta bertako zein inguruko ekoizleen postuekin batera, hainbat animazio, bertako produktuz hornitutako saskien zozketa eta aurtengo Bertako Produktuaren Astearen kartel lehiaketaren irabazleari ere, Iban Garaiarri, 200 euroko saria banatu zion Hondarribiko Udalak.
Iban Garaiarrek esplikatu zigun sari banaketan bertan, zer eta nola aukeratu zuen kartelaren irudia. «Argi izan nuen hasieratik herriaren sena irudikatu nahi nuela, itsasoa eta arrantza, nekazaritzarekin uztartuz, ikuspegi moderno batekin». Horrela, itsasoa atzean eta barazkien saski bat lehen planoan ezarritako argazki batekin osatu du astearen irudia.
Lehen sektorearen etorkizuna
Parte hartzaileen artean, Gorka Flores, Arbizuko artzai eta gaztagilea izan zen azokan. Bisitza osoa artzai lanetan, 14 urte daramazki azoka eta gazta lehiaketetan parte hartzen. Postiñlekuenea gazta, bere etxaldearen izena du ardi-gazta markak. Eta argi du euskal ardi-gaztak berezko ospea badu ere, «ahoz-ahokoak balio badu ere, azoketan saldu eta lehiaketetan parte hartzea ezinbestekoa dela marka irudia sortu eta produktua merkaturatzeko». Sektoreari dagokionez, aldiz, artzai lanetan belaunaldi berriak nekez segurtatu ahalko direla uste du. Eta Artzai Eskolan gazte gutxi bada, nekazaritzan ere belaunaldi berriak segurtatzea zaila dela aditzera eman dute Hondarribiko baserritarrek. Gaur egun zortzi ekoizle dira guztira, azokan ez ezik, saski-banaketa, kontsumo talde edota Labora Txingudiren bitartez zein Irungo Mendibilgo azokan euren produktuak merkaturatzen dituztenak.
Denak dira bertakoak, nekazaritza tradizionalean ari direnak batzuk, eta zigilu ekologikoarekin besteak. Azokan topa ditzazkegu Gornutz, Botika, Xalina-Errezubienea, Tudelenea edota Botika Agroaldean Hondarribiko Udalak lagatutako 5.000 metro koadroko lursailan lan egiten duen Astio baratza taldeko Eneko Uharte. Argi dauka honek, nekazaritza proiektu berri bat abiatzeko, lurra eskuratzea dela arazo nagusia. «Hondarribian ez ezik, Gipuzkoa osoan esan daiteke lur jabetza dela arazoa, ustiakuntza berri bat martxan jartzeko lurrak oso garestiak dira, eta erakunde publikoek nekazari gazteak babestu beharko lituzkete gehiago», dio Eneko Uhartek.
Hondarribiko Udalak urteak darama Agroaldean lurra eskaintzen. Eta Hiritik At kooperatibari enkargatutako lurren azterketa baten ondorioz, 2.000 metro koadro baino gehiagoko lur egokirik ez dagoela ondorioztatu zuten. Bai, aldiz, garai batean ustiakuntzak zituzten baserrietako lur anitz landu gabekoak. Baina hauek pribatuak dira.
Bertakoan kontsumitu, bertakoa garatu
Hala ere, lehen sektorea bultzatzen jarraitzeko apostua egina du Udalak. Eta ekoizpen arloan soilik, baita bertako produktua balioan jarriz. Eta balio erantsia emango dioten proiektuak sustatzeko aukerak daudela uste dute agintariek. Adibidez, Done Pedro Itsasgizonen Kofradiako arraiarekin edota uztaren araberako ekoizpenak behar bezala aprobetxatzeko, kontserba proiektu bat bideragarri ikusten du herrian, Estitxu Urtizberea alkateordeak.
«Herri kohesioan eragiten du, azokak harremana sozialak bultzatzen ditu kalean, eta produktua erosi eta ekoizlearekin hitz egin daiteke, sasoiko produktuetaz, galdu den jakintza hori ere bultzatzen du», dio Urtizbereak. Era berean, «lehen sektorea berrikuntzari lotzean dago etorkizuna» bere ustetan, «zaila izango da erreleboa bilatzea, baina produktuaren ekoizpena kolpeka etorri ohi da itsasoan eta baratzan, eta zergatik ez kontserbaren bidean sakondu, horretarako Udala ez ezik, beste erakundeekin ere lankidetza ezinbestekoa izango da garapen bideak bilatzerako garaian».
Nolanahi ere, ekoizpena segurtatzea einzbestekoa bada, kontsumitzaileak ere behar dira. Eta Hondarribiko asteazkenetako Damarri plazako azokan, eta bereziki San Pedro kaleko larunbatekoan ia gehiena saldu egin ohi dute herriko baserritarrek. Aldiz, Hondarribiko ekonomia pisu handia duen ostalaritzak ere bere hondar alea jar dezake. Larunbateko azoka berezian, hain justu, postuez gain showcooking edo jendaurreko sukaldaritza saio bat proposatu zuen Badia tabernako Amaia Urdangarin sukaldariak.
Berak aitortu digunez, ostalariak ere ohartu dira, bertako produktua erabiltzeak euren lanaren emaitza hobetzen duela. Eta bezeroak balio erantsi hori ere bilatzen duela. «Nik uste dut saiatzen ari garela ahal den neurrian bertako ekoizleengana jotzea, eta bezeroek ere eskatzen dute, eta kriston luxua da guretzat».