Aire zabaleko doako Fenomena Festibalak denetarik ikusi du kalitatezko musika zuzenean eskaintzeko helburuarekin 2016an sortu zutenetik. Jaialdi eklektikoa izan da beti bere karteletan, musika estilo eta jatorri desberdinak uztartuz. Eta pandemia bat tarteko, hondartza, Alde Zaharra, Jostaldi pilotalekua edota Kirol Kaia izan ditu eszenatoki antolatutako zortzi edizioetan. Haatik, gaztea izanagatik ere, ondo errotutako festibala da. Eta urtero, 50 bat bolondresen lanari eta Hondarribiko Udalaren eta herriko hainbat ostaturen babesari esker antolatzen den festibalak bidasotarrak ez ezik estatu osoko musika zaleak erakartzen ditu Hondarribira. Jaialdiak bere baitan biltzen dituen musika talde zenbaitzuen eskaintza eta antolatzaileek zaintzen duten soinu kalitatea erreklamu dutela.
Ortzi Alonso, Udaleko Kultura eta Herri Nortasunerako zinegotziak jaialdiaren izaera azpimarratu nahi izan du aurekzpenean. «Musika bai, baina konpromiso soziala ere bai, beharretan diren elkarte edo kausa sozialak laguntzeko nahia agertu dute beti», dio Alonsok. Aurten ere, bi euroko edalontzia salduko dute sarrera sinboliko gisa. Ernesto Villar, Fenomena jaialdiaren eramaileak argitu duenez, Limako (Peru) periferian dagoen Puckllay arte eskola tailerra laguntzeko bideratuko dute. Azken 20 urtetan haur eta gazteen integrazioa eta kale-bazterketa sahiesteko lanean dihardu, eta proiektu solidario honen alde egingo du aurten Fenomena kultur elkarteak.
Jaialdiari dagokionez, aurtengo aurrekontua emendatu egin dute. Herriko establezimendu eta enpresa txiki askoren laguntzari esker, eta aurten bereziki, Hondarribiko Udalak laguntza handitu duelako, aurrekontu osoaren %70era helduz. Hala ere, ekimen hau herritik sortutako iniziatiba dela azpimarratu nahi izan du Ortzi Alonsok, «kanpokoei eta Udalari besozabalik bada ere». Era berean, jaialdiaren egunean mobilizatzen diren 50 laguntzaileen eta urte guziko antolaketa lanetan ari diren bolondresen lana goraipatu du udal ordezkariak. Elementu hauek guztiak kontuan hartuta, «ongi errotutako udazkeneko erreferentziazko kultur hitzordua» dela gogoratu du, «eta bizirik dagoen bitartean hurbildu eta gozatzeko deia» luzatu du.
Goi mailako jaialdi musikala
Aurtengo edizioa urriaren 12an ospatuko dute, eta musika estiloetan jaialdi eklektikoa izango bada, hizkuntza aldetik ere urteotako anitzena izango dela iragarri dute antolatzaileek. Ernesto Villar, Fenomena elkarteko kideak aitortu digunez, «euskara, galegoa, ingelesa eta gaztelera entzungo dira, eta estilo aldetik ere denetarik izango du».
Zentzu honetan, udan iragarri zuten Bad Dreams banda australiarra azken momentuan erori zaie. Baina Beige Banquet ingelesek hartuko dute haien lekukoa kartelburu gisa, festibala 17:00etan estreinatuko duen Anarirekin batera. Joan den otsailan plazaratu zuen 'Giza zarata' diskoaren lana dakar Hondarribira. «Urteak daramatzagu ekarri nahian, baina bere azken lana entzun genuenean esan genuen, zer da hau?!», aitortu digu Ernesto Villarrek, «bere ibilbidean jauzi bat eman du, beste zerbait somatu dugu eta horrek fenomenatu du gure Anari». Anari Alberdi musikari eta idazleak Troiako zaldia kantarekin aurreratu zien entzuleei diskoaren bidea. Eta udaberrian hasi ditu aurkezpen emanaldiak. Hain justu, Hendaiako Mendizolan kulturgunean izan zen apirilan, baina kontzertu intimistago batekin. Oraingo honetan, Hondarribian aurkeztuko du formatu handiagoan. Diska berria Badok | Euskal-musika atarian entzungai dago.
Aipatutako bi kontzertuen ondotik, estatu mailako undergorund eszenaren hiru harribitxi pasako dira Fenomenaren taulagainetik. Murtziako jatorria duen Perro izango da bertan. Hondarribira dator espreski kontzertua ematera. Izan ere, Villarrek argitu duenez, «oso talde bitxia da, urtean bi edo hiru kontzertu besterik ez ditu egiten, eta estatu osoan sakabanatuak dituen zaleak mobilizatzen ditu». Beraz, leku anitzetatik jendea etor dadin espero dute. Festibaleko arduradunek esan dutenez, duela bost urte haiekin harremanetan sartu ziren baina ezin izan zuten hona ekarri. Eta oraingo honetan lortu dute.
Ondoren, duela bi urte Psilocyben izan zen Parquesur taldeak jarraituko du jaialdia. Rock estilotik hasi eta merenguera, letra landuak eta ironia lantzen duen musika egiten dutela iragarri du Fenomenak. Azkenik, Galiziako Grande Amore taldeak jarraituko borobilduko du jaialdia. «Galizieraz abesten duen elektro-punk estiloko taldea da, reggae puntu batekin ere, beraz, jaialdiak denetarik izango du», iragarri du Villarrek.