Bi urtean behin egiten da hau Eusko Jaurlaritzaren ekimenez, eta gure eskualdean Irunen egin ohi bada ere, Hondarribiko Gizarte Kohesiorako zinegotzi Josu Peñak azaldu digunez, Hondarribian ere halako azterketa bat egitea «beharrezkoa» ikusi dute, orain arte ikusezina izan den errealitate hortaz jabetzeko. «Ohartu gara badirela zenbait pertsona Hondarribian kale gorrian daudenak, batzuk herriko bizilagunak dira arrazoi desberdinengatik, baina pasoko eskualdea garenez, beste batzuk herrira datoz eta ez dakigu zergatik», dio Peñak.
Gogoan hartu beharra dago, Hondarribiko Udalak bazterketa arrisku egoeran edo kale gorrian den jendearentzako Irungo Ospitale Zaharrean dagoen Zubia zentroa diruztatzen duela, eta Hotz Plana (8 graduzpeko tenperaturak daudenean) aterpea eskaintzen duela horretarako egokituak dituen 28 oheetan. Horretarako, urtero 265.000 euro inguru bideratzen ditu Hondarribiko Udalak, eta Irun eta Hondarribiko udalen dispositiboa izanik elkarrekin kudeatzen dute, Emaus gizarte eragileari azpikontraturik. Josu Peñaren ustez, gizarte zerbitzuetako baliabideak dauden lekura joan ohi dira kale gorrian diren pertsona gehienak.
Horren irudiko dugu, 2022an Gipuzkoan egindako zenbaketan kale egoeran zeuden 272 pertsonetatik 220 Donostian topatu zituztela kalean lotan. Han aurki daitezkeelarik halako zerbitzu gehien. «Baina ez da beti horrela» dio Gizarte Kohesiorako hautetsiak, «batzuk kalean egotea nahiago dute, eta Irungo kaleetan ohikoa izaten bada jendea kale egoeran ikustea, badirudi batzuk Hondarribira datozela lasaiago egon nahi dutelako».
EAE mailan 2022ko urrian egindako azken zenbaketaren txostenaren arabera, 661 lagun topatu zituzten kale egoeran. Horietatik 272 Gipuzkoa, eta horietatik 21 Irunen. 20 gizon eta emakume bakarra. Izan ere, autonomi erkidego mailan ere, kale gorrian aurkitzen diren pertsonen %5 besterik ez da emakumea. Irunen bezala, Donostia, Oiartzun, Hernani, Pasaia, Tolosa, Zarautz, Bergara, Arrasate, Beasain, Eibar eta Legazpin ere egin izan dira bi urtean behineko zenbaketa hauek. Hondarribian, aldiz, ez da halakorik inoiz egin, baina hori aldatzera doa orain. Horretarako herria auzoka banatu dute, eta bolondresak bilatzen ditu Udalak zenbaketa egiteko. www.hondarribia.eus atarian egin daiteke edo hemen sakatuz.
Errolda soziala
Dena den, mugaz gaindiko eskualde batean gaudela aintzat hartuta, kalean topa ditzazkegun pertsonen kopuruak asko aldatzen dira, urtetik urtera, edota urtaroen arabera. Eusko Jaurlaritzak bi urtetan behin egiten duen zenbaketa honek oinarri soziologiko bat badu ere, beti urrian egiten baita eta modu berean. Caritas erakundeak martxan duen Bidelagun egitasmoaren baitan, neguan kalean lo egiten duten pertsonak artatzeaz gain, halako zenbaketak egin ohi ditu ere. 2022an (ekainean) egindako zenbaketan 40 lagun aurkitu zituzten Irunen kale egoeran.
Bestalde, zenbait eragilek legediak pertsona hauek irregulartasunera kondenatzen dituela salatu dute azken urteetan. 2022an bertan Irunen dozena bat kolektibok elgarretaratzea egin zuten hau salatzeko. Kale gorrian den jendeak laguntza sozialak eskuratzeko ez ezik, erroldatzeko dituen zailtasunak direla eta, «arraigo edo errolda» eskatzen zaielako oinarrizko baliabideetara sarbidea lortzeko. Hondarribian, aldiz, errolda soziala martxan jarri dutela aipatu digu Josu Peñak. «Asko dago hobetzeko ziurrenik, baina Hondarribian edozein dela bizi edo egoten den lekua, kaleko banku bat bada ere, herrian kale gorrian den orok errolda soziala lortzeko eskubidea du», argitu du zinegotziak.
Horri esker, bazterketa sozialaren arriskuan den pertsona orok Gizarte Zerbitzuek eskaintzen dituzten gutxieneko baliabide eta babesa eskura dezakete herrian.