Zahartze aktiboa eta osasuntsua bultzatzeko helburuarekin, Hondarribiko Udalak kognizioaren gainbeheraren prebentzioa lantzeko “Do Re Ni” izeneko urte osoko proiektu berritzailea abian jarriko du. 65 urtetik gorako hondarribiarrei zuzendutako ekimen honetan garunaren osasuna indartzea bilatuko dute terapia tresna nagusia musika izango dutelarik.
Horretarako, Xabier Lizaso eta Olatz Zugasti musikariek abian jarritako metodoa erabiliko dute. Eta Josu Peña, Gizarte Kohesiorako zinegotziak argitu duenez, «osasun proiektu bat den heinean, epe luzeko programa» bat proposatuko dute, Alzheimerra bezalako gaitzek sorrarazten duten kognizio galera prebenitzeko. Parte-hartzaileek orotara 50 saio hartuko dituzte, eta programak urtebeteko iraupena izango du eta astelehenero 12:00etatik 13:30era bilduko dira.
Ikastaroan 20 pertsonek parte hartu ahal izango dute, eta izena eman beharra dago aurretik. Berritzailea den heinean, herritarrei irekitako proiektu aurkezpena egingo dute urriaren 22an Alde Zaharreko Kultur Etxean. Udalak iragarri duenez, plaza baino jende gehiago apuntatuko balitz, zozketa bat egingo lukete.
Alzheimerrari "stop" musikari eraginez
Adinari lotutako Alzehimerra bezalako garuneko gaitzen gorakada nabarmena izan da azken urteotan. Eta proiektuaren eramailea den Xabier Lizaso pianu-jole oriotarrak azaldu digunez, gaitz honen eragina uste baino handiagoa da, eta inplikazioak are sakonagoak. «Gaitzarekin sozio-ekonomikoki sekulako arazoa dugu mundu mailan», dio. Estatu Batuetan Alzheimerrarekin ejerzitoan baino diru gehiago gastatzen dutela ohartarazi du, eta Gipuzkoako Foru Aldundia oso kezkatua dagoela honekin. «Egoera bideratu ezean, 10 urtetan kataklismo batera goaz, eta 20 urtetan adios! Eutsiezina izango da», azpimarratzen du.
Azken urteotan kognizio mailako gaitzek eta bereziki Alzheimerrak izan duen garapena dela eta, musikaren ariketa eta osasuna uztartzen dituen eremu bat sortu du “Do Re Ni” metodo berritzaile honek. Garuna estimulatzeko metodo hau 2020ean zientifikoki ikertu zuten Osakidetzako profesionalek Gipuzkoako Foru Aldundiak eskatuta, eta Eusko Jaurlaritzaren eta Kutxa Fundazioaren diru laguntzekin.
Ikerketak, zahartze osasungarri bat lantzeko garaian, eta gaitz hauen eragin eta ondorioei balazta jartzeko, “Do Re Ni” metodoa efektiboa dela egiaztatu egin dute. Baina zein da metodoa? Zertan datza eta zertan lagun dezakete buru-osasuna zaintzen? Lizasok dioenez, «ohitura ez dugun zerbait egiten ikasten dugunean, gure burmuinan erabili ez ditugun bideak aktibatzen ditugu, eta errepikatuz, burmuinari egurra emanez eta izerdiaraziz, bide horiek autopista bilaka daitezke». Aldiz, musika estimulaziorako tresna bada ere, garunak garatzen dituen gaitasunak eguneroko gainerako jardueretarako baliagarria den hobekuntza eragiten duela dio: «memoria, atentzioa, orientazioa eta kognizioak behar dituen parametro desberdinak musikak indartzen ditu».
Xabier Lizaso musikariak "Do Re Ni" eta "Jokuz barru" izeneko proiektu hezitzaileak sortu zituen duela zenbait urte, musika, dantza eta antzerkiaren bitartez, haurren garuna garatzeko helburuarekin. Proiektua lehen aldiz duela urte batzuk Europan garatu zuen eta dagoeneko Euskal Herriko zenbait eskolatan ere ezaguna da. Oraingo honetan, «haurren burmuinaren plastizidaderik gabe, baina adineko pertsonek ere errepikapen gehiago eginez ikas dezaketela frogatuta, garuna hainbeste estimulatzen duen besterik ez dagoela» defendatzen du Lizasok.
Gogoratu, beraz, garuna estimulatzeko metodo honi buruz gehiago jakin nahi duenak urriaren 22an, Kultur Etxean arratsaldeko 18:00tan informazio bilera antolatu dutela. Eta xehetasun guztiak eta izena emateko ere hemen sakatuz egin dezakezu.