Bi lagun atxilotu dituzte Hondarribian “besarkada solidarioa” metodoaren bidez lapurtzeagatik

Antxeta Irratia 2024ko urr. 17a, 13:45

Ertzaintzak 43 urteko emakumezko bat eta 39 urteko gizonezko bat atxilotu zituen asteartean (urriak 15) Hondarribian, “besarkada solidarioa” delako lapurreta egitea egotzita. Aspaldi honetan hedatu den delitu teknika honen biktima izatea sahiesteko hainbat gomendio plazaratu ditu Hondarribiko Udaltzaingoak, batez ere bakarrik dauden adineko pertsonei zuzenduta. 

Ertzaintzak 43 urteko emakumezko bat eta 39 urteko gizonezko bat atxilotu zituen asteartean (urriak 15) Hondarribian, “besarkada solidarioa” delako lapurreta egitea egotzita. Azken asteetan beste delitu batzuetan parte hartu ote duten ikertzen ari dira orain. “Besarkada solidarioa” aspaldi honetan hedatu den delituzko teknika bat da, eta Hondarribiko Udaltzaingoak prebentzio neurriak hartzeko deialdia luzatu du hainbat gomendio emanez. Izan ere, batez ere bakarrik dauden adineko pertsonei zuzendutako lapurreta mota da honakoa.

Udaltzaingoak argitu duenez, objektu baliotsuak; erlojuak, kateak edo eskumuturrekoak... kentzean datza. Lapurra biktimarengana modu atseginean hurbiltzen da, itxura eginez ustekabeko topaketa dela edo gaizki-ulertu bat dela, haren konfiantza azkar lortzeko. Gaizkileen jokatzeko era ukimenean oinarritzen da, eta biktimarekin hitz egiten duten bitartean, keinu adeitsuak erabiltzen dituzte, eskuetatik edo besoetatik atxikituz, edo zuzenean besarkada bat eskainiz. Hurbiltzen diren une horretan ondasunak zuhurki lapurtzen dizkiote, biktima berehala konturatu ere egin gabe.

Hondarribian hainbat lapurreta aste honetan

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, Ertzaintzak astearte arratsaldean jakin zuen gizonezko batek bide publikoan lapurtzen saiatu zela metodo honetan bitartez. Bistan denez, emakume bat hurbildu zitzaion kalean, eta elkarrizketa labur baten ondoren, besarkatzen hasi zitzaion. Emakumeak lepoan zeraman katea kentzen saiatu zen, eta hau sahiestea lortu bazuen ere, jarraian, lapurreta kidea zain zuen ibilgailu batera joan zen, eta elkarrekin alde egin zuten presaka. Handik gutxira, patruila batek auto susmagarria ikusi zuen Hondarribitik zirkulatzen.

Hau geldiarazi eta barruan zihoazen emakume aeta gizona identifikatu zituen. Bi bitxi pieza aurkitu zituzten autoaren barruan, eta lapurreten ustezko egileak zirela egiaztatu ondoren, atxilotu egin zituzten. Polizia iturrien arabera, atxilotuek beste lapurreta bat egin zuten goizean metodo berbera erabiliz, eta herritar bati erlojua lapurtzea lortu zuten.

Prebenitzeko gomendioak

Hona hemen delitu mota hau prebenitzeko Udaltzaingoak emandako aholku edo gomendioak: 

  • Objektu baliotsuak ez agerian eramatea: Ez agerian eramatea bitxiak, erlojuak, edo gaizkileen arreta erakar lezakeen bestelako edozein objektu deigarririk.
  • Ez fidatzea adeitsuegiak diren ezezagunekin: Ezagutzen gaituzten itxura egiten duten ezezagunen aurrean urrundu eta erne egon.
  • Ez onartzea beharrezkoa ez den kontaktu fisikoa:  Modu onean egoera horretan egokiak ez diren besarkadak edo edozein kontaktu fisiko ukatzea.
  • Edozein gertakari susmagarri salatzea: Lapurreta saiakera edo jokaera susmagarria izan den susmoaren aurrean, funtsezkoa da agintariei jakinaraztea UDALTZAINGOra 943111313 telefonora deituz edo larrialdietako 112 telefonora deituz.
  • Azkenik, garrantzitsua da objektu baliotsuenen argazkiak gordeak izatea, hala horietako bat lapurtzen badute salaketa egiten denean argazkia aurkeztu ahal izateko.