Babesgabetasun egoeran dauden adin txikikoak lehentasunetan emanak ditu Hondarribiko Udalak aurreneko aldiz

Koldo Nausia 2024ko urr. 29a, 10:58

2008ko Gizarte Zerbitzuen Legeak definitu eta 2015etik udalei exijitzen dien lehen arretaz gain, lantalde integrala osatu du Hondarribiko Udalak arriskuan egon daitezkeen adin txikikoak identifikatu eta babesteko. 2 hezitzaile eta laguntza psikosoziala emateko psikoterapeutekin, Gizarte Zerbitzuetatik ez ezik, kaleko hezitzaileekin eta eskolekin ere harremanetan egongo dira. 

Hondarribiko Udalak adin txikikoek bizi ditzazketen arrisku egoeretan esku hartzeko Gizarte Zerbitzuak indartu ditu. Babesgabetasun egoeran dauden adin txikikoen gizarte hezkuntza eta laguntza psikosoziala eskainiko du hemendik aurrea. Berez legeak agintzen duen bezala. Josu Peñak, Gizarte Kohesiorako zinegotziak azpimarratu duenez, Hondarribiko Udala Gipuzkoako aintzindarietako bat izango da horri begirako zerbitzu integrala eskainiko duena. Hortaz, legea ez betetzetik, zerbitzu osoa ematera pasako da. 

«Gizarte Zerbitzuen karterak udalei exijitzen dien zerbait delako, hau da, legea betetzen ari gara», argitu du zinegotziak. Izan ere, Gizarte Zerbitzuen Legea 2008 urtekoa da, eta bere katalogoan mentzioa egiten du arreta psikosozialari buruz. Gerora 2015. urtean Gizarte Zerbitzuen kartera definitu zutenean, honen barruan agertzen da adintxikikoen babesgabetasunaren inguruko arreta zerbitzua eskaini behar dutela udalek. Gipuzkoako Foru Aldundiak gai honetan eskumen zabala daukan arren, lehen arreta Udalari dagokio. 

Zerbitzu hau ez da pertsonen zuzeneko arretakoa izango. Eta hau argitu nahi izan du Peñak, «askok nahastu dezaketelako». Lantalde integral bat osatu du Hondarribiko Udalak 2 hezitzaile eta psikoterapeuta desberdinekin, eta hauek arduratuko dira prebentzio lana egiten, kaleko lana egin eta detektatu ditzazketen kasuak zuzenean bertara bidaliko dituzte. Hala ere, «eskolekin eta edozein erakunderekin egiten duten elkarlana ere izango da baloratzeko nerabe bat arriskuan ote dagoen identifikatzeko», azaldu du Gizarte Kohesiorako hautetsiak. Zerbitzu integrala herrian bertan izateak, asko lagunduko du familia eta nerabeekin egingo den lanketan eta emango zaien arretan.