"Frankestein agurgarria" Hondarribian estreinatuko dute Pettik eta Ana Galarragak Gau Beltzaren bueltan

Antxeta Irratia 2024ko urr. 30a, 11:26

"Frankestein agurgarria" disko-liburua aurkezteko estreineko emanaldia Hondarribiko Kultur Etxean eskainiko dute Pettik eta Ana Galarragak urriaren 31n 20:00etan. Nor da munstroa? galderari erantzun nahian, Mary Shellyk idatziriko liburuari tripak atera eta hark egindako galderak eguneratu dituzte, zortzi abesti eta tartekatutako testuetan, Victor Frankensteini eskaintzen dioten gutun errezitaldi musikatuan. 

Hondarribian, Gau Beltzaren bueltan estreinatuko dute Pettik eta Ana Galarragak "Frankestein agurgarria" disko-liburua.  Musika eta poesia uztartuz, Mary Shellyk idatziriko liburuari tripak atera dizkiote, eta hark egindako galderak eguneratu dituzte. "Frankestein agurgarria" klasiko honen bueltan hausnartzeko aukera ematen duen lana dela diote egileek, zientziaren eta teknologiaren arteko mugak, gizakia gaiztakerira zerk eramaten duen, edota zer da munstroa? galderari erantzun nahian. Victor Frankenstein doktoreari zuzendutako gutun musikatu bat da. Ana Galarragak azaldu digu 2022an sortu zutela "Frankenstein agurgarria" ikuskizuna, eta egileen esanetan emanalditik emanaldira «mutatzen» joan denez, orain, disko-liburu bilakatu da. Ikuskizunak egiten eta mutatzen jarraitzeko asmoa nabarmendu zuten aurkezpenean, eta Hondarribiko Alde Zaharreko Kultur Etxean taularatuko dute estreinekotz, urriaren 31 honetan, Gau Beltzaren bueltan. 

Izan ere, 2022ko Baztango nobela beltzaren astean (H)ilbeltzan sortu zen 'Frankestein' klasikoak pizten dituen barne eztabaidak berrasmatzeko beharra. Pettiri kontzertua bakarka egiteko eskatu zioten Baztanen, eta ordurako Galarraga ikuskizun bat izan zitekeenaren gidoia lantzen ari zela azaldu digu. Hortaz, oholtzara jauzi egitea erabaki zuten. «Pandemian eskura genituen liburuak irakurtzen genituen eta nik Mary Shelleyren ‘Frankenstein’ liburua berrirakurtzeko tartea hartu nuen», dio Galarragak. Eta irakurtzen ari zela, Pettiren ‘Manipulazio estrategiak’ diskoarekin loturak ikusten hasi zen. Gainerakoa historia da, eta disko-liburua aurkezteko garaia iritsi zaie. Ordubeteko emanaldia da, testua eta audioa, eta abestien CDa ez ezik, Mari Luz Estebanek idatzitako hitzaurrea eta Miren Agur Meaberen hitzostea ere biltzen ditu. Kultur Etxean salgai jarriko dutela iragarri digu Galarragak. 

Gau Beltza Hondarribian

Honakoa ez da literaturari eta euskal tradizioari lotutako Gau Beltza girotzeko hitzordu bakarra izango Hondarribian. Izan ere, Zuloaga Etxeko Udal Liburutegian, adibidez, Blagan euskara elkarteak hirugarren aldiz antolatu duen Gau Beltza ipuin lehiaketaren sari banaketa egingo dute 19:00etan, eta Joxemari Karrere ipuin kontalaria gonbidatu dute. 

Era berean, Mintzalaguna egitasmoaren eskutik, haur eta familientzat Gau Beltza ospatuko dute Kasino Zaharrean. Iragarri dutenez, 17:30ean hasiko dira Lupe Lekuonaren eskutik haurrentzako ipuin kontari batekin. Eta ondoren, hainbat tailer antolatu dituzte 4-9 urte arteko haurrei zuzendutakoak. Mertxe Gerriko ekimenaren eramaileak argitu duenez, euskararen erabilera sustatzeaz gain, euskal tradizioa eta kultura berreskuratzeko helburua ere badu ekimen honek. Eta azken urteetan arrakasta bildu badu, aurten ere mozorroturik gerturatzeko deia luzatu dute. 

Aipatutako hiru hitzorduak batergarriak dira. Hortaz, Gau Beltzerako plana borobila izango du Hondarribian ospatu nahi duen orok.