Emakumeen Aurkako Indarkeriaren Nazioarteko Egunaren harira, hilabete osoko egitaraua prestatu du Emeki elkarteak herriko eragileekin eta Udalarekin lankidetzan. Tzane Carrillo elkarteko kideak argi du «oraindik asko dagoela egiteko gizartea konzientziatzeko, gure gizartean emakumeok emakume izateagatik diskriminatuak izaten jarraitzen dugulako». Urtero Azaroaren 25ean eta Martxoaren 8an Emekik herriko Ama Guadalupekoa, Egiluze eta Talaia eskolengana jotzen du, haiekin batera Sare Morea ehuntzen ttopararen aitzakiarekin «belaunaldi berriak sentsibilizatzeko». Eta Carrillok dioenez, aurten ere oso harrera ona jaso dute eskoletan. «Ikasgelan gaia landuko dute, eta gero Martxoak 8 plazatxoan beraien mezuak zintzilikatzen dituzte mural bat eginez, oso ekimen polita da», dio Emeki elkarteko kideak. Aldiz, joan den urtean murala erasotu egin zuten eta erre egin zituzten ikasleek egindako lana. «Pena handiz hartu genuen, ikasleek egindako lanarengatik, baina horrek adierazten du oraindik zenbat dagoen egiteko», aldarrikatzen du.
Hiru filma eta beste hainbeste hitzaldi
Badira hainbat urte eskolartekoekin gaia lantzen dutela. Baina gogoeta eta hausnarketa bultzatzeko hilabete osoko programa antolatu nahi izan dute aurten. Beraien «ondar aletxoa» jarriaz, emakumeen kontrako indarkeriaz jabetzeko eta hausnarketa bultzatzeko Hondarribiko Udaleko Gizarte Kohesiorako eta Kultura departamenduen laguntza izan dute. «Hiru filma nahi genituen proiektatu, eta hiruak lortu dituzte», azpimarratzen du Tzane Carrillok. Azaroaren 3an eman zuten aurrenekoa, 1967 urtean Dublingo emakume talde baten bizimodua kontatzen duen "El club de los milagros" izenekoa. Azaroaren 17an "Menudas piezas" filma proiektatuko dute Kultur Etxean. Kasu honetan gazteen arazoak aztertzen dituen lana da, xakea ardatz hartuta. Filma hau hautatu dute, hain justu, azaroaren 18an Marlaxka elkartearen eskutik Emakumezkoen VI. Xake Ttopara antolatu dutelako. Carrillok nabarmendu duenez, azken urteetan adin desberdinetako emakume kopuru polita animatu da xakean aritzera Hondarribian. Eta aurten 10 lagun gehiago batu dira taldera. Hirugarren proiekzioa azaroaren 22an izango da, "Siempre nos quedará mañana" filmarekin, emakumeen kontrako indarkeria azaleratzen duen filma.
Baina euren arloan erreferenteak diren zenbait emakumeen eskutik ere, hitzaldiak eta tailerrak antolatu dituzte. Egitaraua abiatzeko azaroaren 5ean Neus Albertos Meri aditua gonbidatu dute. Baina bertan behera utzi behar izan dute tailerra, Xativakoa (Valentzia) delako, eta egunotako hondamendiaren ondorioz ezin izan du Hondarribira etorri. Azaroaren 12an, aldiz, Maria Jose Noain historialariaren eskutik "Las Mujeres en la historia del arte" hitzaldia antolatu dute, eta Arantxa Urretabizkaia ere gonbidatu dute "Hiru mariak" liburua aurkezteko. Azaroaren 21ean "Esne berriketan" Uxue Alberdik egiten ari den lanaren inguruko hitzaldia eskainiko du. Tzanek argitu digunez, Hondarribiko emakumeen testigantzak bildu ditu honek Emeki elkarteak lagundutako lan honetan.
Kirola ahalduntzen jarraitzeko
Dena dela, azken urteetan kirola emakumeen ahalduntzeko tresna gisa bultzatzen ari da Emeki etengabe. Eta horren irudiko izango da ere azaroko plangintza. Azaroaren 23an Bixi-bixi Emakumezkoen Pala Txapelketa azkarraren txanda izango da Jostaldi pilotalekuan. Elkartetik gogoratu dutenez, urte osoan zehar Emekik eskaintzen dituen ikastaroetan asteartero entrenatzen dutenentzako ez ezik, nahi duen orori irekita dago hitzordua. Era berean, azaroaren 24an II. Emakumeak Korrika antolatu dute. Goizeko 10:00etan abiatuta, Emeki elkarteko Molla Ibilbidetik abiatuta eta Hondartza kiroldegira joan-etorriko 5 kilometroko ibilbidea prestatu dute. Argitu dutenez, korrika ezin duten emakumeek oinez egiteko aukera ere izango dute. Duela bi urte Ane Bayo kirolariak Emeki elkarteari korrika egiten hasteko entrenamendu taldea osatzeko proposamena egin zuenetik, 20tik gora emakume dira astean bitan, astelehene ta asteazkenetan elkartzen direnak.
Gorago aipatu bezala, azaroaren 25ean borobilduko dute hilabeteko programa. Emakumeen Aurkako Indarkeriaren Nazioarteko Egunarekin eskolartekoekin antolatutako Sare Morea Ehuntzen ekimena burutuko dute Martxoak 8 plazatxoan 10:00etatik aurrera. Eta arratsaldeko 18:00etan, plazan bertan, M8 Asanblada Feministak deitutako kontzentrazioa egingo dute. Hendaia, Hondarribia eta Irungo mugimendu feministak A25 honetan norbere herrian elgarreratze bana egiteko deialdia luzatu du aurten, performance batekin.