igor enparan araneta

«Udaletxera iritsi ginenean hamaika proiektu bazter batean utziak aurkitu genituen, baina martxa hartu eta 2025a espero dut oso emankorra izatea»

Aimar Lopez 2024ko aza. 8a, 09:50

Igor Enparan Hondarribiko alkateak Udal Gobernuak 2025erako aurkeztu duen 33,5 milioi euroko aurrekontua Agintaldi Plana betetzeko «giltzarri» izango dela aurreratu du. Eginbeharrekoak «milaka dira», baina Udal Gobernu Taldea «sendotuta» ikusten duela dio, eta aurrekontua hondarribitar guztiena den heinean, proiektua udal talde politiko guztien proposamenekin hasieratik osatzeko aukera eman duela, baina  «ez EAJk eta PSEk ez dute ekarpenik egin oraindik».

Hondarribiko Udal Gobernuak %15eko igoera proposatu du 2025eko Udal Aurrekontu proiektuan. Iaz onartutako beste hainbesteko emendioa da hori, eta 2024 udal aurrekontuak 29 milioi eurorekin inoizko handienak izan ondoan, 2025erako Udal Gobernuak aurkeztu duen 33,5 milioi euroko proiektua marka berri bat suposatzen du. Igor Enparan alkateak, aldiz, zifretatik harago, ekintzetan du begirada jarria. «Herriari jakinarazi genion lau urteko epe honetan zer egiteko asmo genuen, eta aurrekontu hauek egin nahi dugun Agintaldi Planarekin lotura zuzena du», argitu du Antxeta Irratian, «%15eko ekarpen handiagoa egiteko asmoa dugu, Gobernu Taldea sendotuta ikusten dudalako, eta proiektu asko martxan jarriko direla aurreikusten dugulako».

Zentzu honetan, aurten Abotsanitzek eta EH Bilduk gobernu koalizioa osatu eta aurkeztu duten Agintaldi Plana betetzeko 2025 urtea giltzarri izango dela nabarmendu du alkateak. «Egia da iritsi ginenean udaletxera, erakunde bezala oso geldoa zela, hamaika proiektu geldirik bazter batean utziak aurkitu genituen, baina 2024an martxa hartu dugu eta 2025ean martxa bikoiztu egingo dugu, espero dut urte oso emankorra izatea», iragarri du. Eginbeharrekoak ugariak direla aitortzen du, baina zerrendatzen hasitakoan; udal eraikina goiz eta arratsaldez irekitzea, gazteleku zerbitzua Sainduan berriz martxan jartzea, edo dagoeneko tramitazioa abian den Kasino Zaharreko kafetegia irekitzea espero du Enparanek, besteak beste. «Kiroldegian ere badugu erronka... milaka dira eginbeharrekoak, eta martxa hartuta daukagunez, espero dut datorren ikustea egikarituak», dio.

Aurrekontuen udalbatza azaroaren 28an izango da. Eta alkateak aditzera eman duenez, aurten lehen aldiz Garapen Jasangarriko Helburuekin lerrokatutako aurrekontu proposamena egin dute. Zifra orokorrak jakinarazi dituzte, eta 33,5 milioi euroetatik 14 milioi euro politika sozialetara  bideratu nahi dituzten bitartean, beste 10 milioi ingurumenaren ikuspegitik jorratutako ekimen eta proiektuetarako dira.

Hondarribitar guztien aurrekontua

Udal aurrekontuen lanketari dagokionez, oposiziotik EAJk gogor kritikatu du aurrekontuen lanketa egutegia. «Berandu eta proposamenak egiteko aukera gutxi» izan dutelakoan. Alkateak, aldiz, azaroko udalbatzan eztabaidatuko dituzten aurrekontuak osatzerako garaian, Udal Gobernuarena aurkeztu eta, ondoren, gainerakoen zuzenketa bidez moldatu edo egokitu beharrean, hasieratik udal talde politiko guztiek egindako proposamenekin adostutako aurrekontu proiektu orekatu bat lantzeko aukera eskaini duela dio.

«Urrian hasi ginen prozesu honekin, eta urtarrilaren 1erako aurrekontua erabilgarri behar dugu. Abotsanitz eta EH Bilduren proposamenak jaso ditugu aurrekontu zirriborroan, baina ez EAJk ezta PSEk ere, ez dute orain arte proposamenik aurkeztu», argitu du Enparanek. Aurrekontuak Udalarenak diren heinean, herritar guztienak direla argi du alkateak, eta prozedura aldatuz talde guztien artean osatutako aurrekontuak lehenetsi nahi zituela azpimarratu du.