Xabatu Doble IPA aurkeztuko du Higer Beer markak Olagarro elkartean

Antxeta Irratia 2024ko aza. 14a, 10:41

Hondarribiko garagardo markak bi urteko ibilbidean Etxara, Xabatu, Malotia, Itxeki edo Txol garagardoak merkaturatu eta American IPA kategorian estatu mailako sariak eskuratu ondoren, Xabatu II Doble IPA garagardoa aurkeztuko du ostiralean Olagarro elkartean antolatu duten 'Higer festa'n. Azaroak 15ean eman dute hitzordua 19:00etan, eta bi euroren truke, garagardo guztiak probatu ahalko dira. 

Garagardo artisaua ardatz “Higer festa” antolatu dute ostiralean (azaroak 15) Hondarribiko Olagarro kultur elkartean. Arratsaldeko 19:00etan irekiko dituzte ateak, eta sarrera bi eurotan Higer Beer artisau markaren azken proposamena izango da berritasun nagusia. Xabatu II Doble IPA garagardoa ekoitzi berri dute, eta 2023ko maiatzan Malotia (Session IPA) garagardoa aurkezteko antolatu zuten 'Kata Berezia'rekin bezala, bidasotarren artean arrakasta bildu duen Higer Beer markaren zukuak dastatzeko aukera izango da ostiralean Olagarro elkartean. Berria ez ezik, Xabatu (DIPA), Etxara (American IPA) eta Malotia (Session IPA). 

Kañerotik zein botilan ere dastatu daiteke dagoeneko Hondarribiko dozena bat tabernatan Higer Beer, Olagarro edo Psilocybe elkartetan adibidez. Izan ere, 2022az geroztik garapen azkarra izan du proiektuak. Eta Irunen edo Donostian ere banatzen hasiak dira. Hainbestekoa izan da arrakasta, non aurrenekoa, Etxara izeneko garagardoa 400 garagardo eta 60 garagardogile artisauen artean, 2022ko Espainiako Artisau Garagardo Txapelketan zilarrezko domina eskuratu zuen American IPA kategorian. «Aurkezteagatik egin genuen, ea zer gertatzen zen, baina bigarren postuaren berri jaso genuenean ezin genuen sinetsi», diote Higer Beer markaren sortzaileek. 

Hondarribiko garagardoa da. Eta garagardogileak harro daude. Horregatik ere, arrantza eta itsasoari lotutako hondarbitar hitzekin izendatu dituzte garagardo errezeta desberdinak orain artean. «Hasiera hasieratikan Hondarribiko euskara eta arrantzarekin lotura izan dute, herri eta eskualde ikuspegian zentratu nahi izan dugu» dio Aitzol Arroyok. Izan ere, lagunek eta ingurukoek gozatzeko helburua izan dute, eta ez beste garagardo ekoizle batzuk egiten duten ekoizpen zabalagoetara jotzea. Etxara, Xabatu, Malotia… garagardo aparra azkar hedatzen ari da Hondarribitik Bidasoa osora. HIGER BEER proiektua «xumeki eta kasualidadez» abiatu bazen ere, Iosu Peñak etxean ekoizten zituen auto-kontsumorako 20 litroak bidasotar ororentzako 7.000 litroren langa gainditu du, bidean sariak bilduz gainera.

Joan den udaberrian Itxeki eta Txol atalak sortu zituzten ere, Breweryrekin kolaborazio bat eginez. Eta udan sortu zuten azaroak 15 honetan aurkeztuko duten Xabatu II Doble IPA, garagardo festa honen berritasuna. «Hasierako formula hobetu egin dugu lupuloarekin, eta garagardoaren kalitate aldetik jauzi kualitatiboa eman du», azpimarratzen du Arroyok, alkohol kopuruan ere gora egin duela iragarriz, %7,9ra igo baita Doble IPA berria. Jatekoa ere eskeiniko dutela iragarri digu Aitzol Arroyo Tumasek, Higer Beer-eko kideak ondoko elkarrizketan.