Gran Sol tabernak bere mitoa handiagotu du Valladoliden

Antxeta Irratia 2024ko aza. 14a, 11:51

Espainiako XX. Pintxo eta Tapa Txapelketatik lehen sariarekin itzuli dira Hondarribira Iñigo Tizón eta Alberto Loro sukaldariak. Euskal Herriko Pintxo Txapelketan finalista izandako “Los Lunes al Sol” pintxoarekin, estatu mailan falta zitzaion sari bakarra eskuratu du gastronomia zaleentzako erreferentzia den Gran Sol tabernak. 

Gran Sol tabernaren “Los Lunes al Sol” pintxoak lortu du Espainiako XX. Pintxo eta Tapa Lehiaketaren sari nagusia. Urrian Hondarribian ospatutako Euskal Herriko XIX. Pintxo Txapelketan finalista bilakatu zen txerriki oinarria duen pintxoa, baina Grégory Ménard eta Lucile Voisin Kanboko (Lapurdi) Terrae jatetxeko sukaldariek eraman zuten lehen saria. Valladoliden ospatutako Espainiako txapelketan, aldiz, Iñigo Tizón eta Alberto Lorok goia jo dute, Gran Sol tabernaren mitoa handitzen jarraitzeko. Izan ere, Hondarribiko taberna estatu mailan sari gehien jaso dituena da, eta sari nagusia besterik ez zitzaion falta. Orain artean, Espainiako Txapelketako gainerako sari guztiak eskuratu izan baititu aurreko 19 edizioetan. 2006 eta 2010ean Pintxo Tradizional Onenaren saria eskuratu zuen, eta tartean, 2009an Kontzeptu Onenaren saria jaso eta gero, 2018an Espainiako txapeldunorde izendatu zen "Txerribeltz" pintxoarekin. Oraingo honetan ere, txerrikia oinarri duen pintxo batekin lortu dute podiumera igotzea.

Valladoliden ospatutako txapelketaren sari banaketan, Gran Sol establezimenduko Muñoz anai-arrebak (Nekane, Bixente eta Mikel) azken bi hamarkadatan bultzatu duten «etengabeko kreatibitatea, dinamismoa eta ahalegina» goraipatu dute. Eta sarietatik haratago, gastronomiaren zaleen estatu mailako pintxoen erreferentzia bilakatu den ospe handieneko taberna dela azpimarratu dute. Urteotan guztietan, hiru sukaldeburu izan ditu Gran Solek: Bixente Muñoz, Mika Popo eta Iñigo Tizón. Eta denetan aritu dira abanguardian. 

Gran Sol tabernaz gain, Hondarribia pintxoaren hiriburu dela esan genezake dagoeneko. Euskal Herriko Pintxo Txapelketaren bilgune izateaz gain, Muñoz anai-arrebek bildutako sari sorta luzearekin batera, herriko hainbat taberna eta jatetxe aurki daitezkeelako goi mailan beti. Eta Euskal Herri mailan ez ezik, Espainiako Pintxo eta Tapa Lehiaketan ere Hondarribia protagonista izan ohi delako. Gogoratu behar baita, 2005eko aurreneko edizioan 'Kaialde'ko Peio Clemencet sukaldariak estatu mailako bigarren saria lortu zuela. 2011n establezimendu berberak, baina Oscar Gonzalez sukaldariaren eskutik hirugarren saria eskuratu zuen. Eta edizio hartan, Pintxo Tradizionalaren Saria 'Goxodenda'ko David de la Calle eta Carlos Nuez sukaldariek eraman zutela. Gran Sol tabernak, aldiz, aipatutako sukaldari desberdinen eskutik, bost sari lortu dituzte, eta haien artean Espainiako txapela jantzitzea izan da atzo lortutako azken balentria.