Urte osoko proba egutegia finkatu dute dagoeneko. Azaroaren 30ean piztuko dute gazteek neguko asteburu hiletan herriari bizia emango dion su olinpikoa. Iazko irabazleak Faki Ta Faki taldeak izango du herri olinpiadei abiada emateko ohorea, baina ekimen herrikoi honen filosofiari jarraituz, denen parte hartzea bilatu nahi dute hastapenetik buru. Iaz bezala, azarotik ekainera zortzi hilabetez ospatuko dituzte Herri Olinpiadak Hondarribiko gazteek. «Olinpiadak ondo errotzeko aukera zegoela ikusita, aurten ere asmo handiko olinpiadak» antolatu dituztelako pozik azaldu da Komite Olinpikoko Urko Iridoy. Joan den urtean 26 koadrila izan ziren proba guztietan eta antolaketan parte hartze aktiboa izan zuten taldeak. Eta aurten 28k izena eman dute. Haien artean estreinekotz ariko diren zazpi.
Talde berriak (rookieak) Atzamantzak Korrokoia, Gureak egin du, Nun Duk Pistatxito?, Saturninon Semiak, Tirojua, Txirrisklasikoak eta Xiraldoka Itxera taldeak izango dira. Urko Iridoyk azpimarratu duenez, «18-19 urteko belaunaldi berriak animatu dira aurten». Dagoeneko hirugarren aroko olinpiadetan parte hartu duten Erdi Fanak, Tekateo, Kaizarrian Kixkaliyak, Durum Mixtua eta Eruak Heldu Ttuk izango dira, eta eskarmentu handiago dutenak eta errepikatzen duten erdi beterano bezala aurkezten direnak ditugu; Jubiletak, Atletik Klub Txiplau, Arroja, Faki ta Faki, Hau Komeriya, Amonan Xalda Berua, Hori Itzasua eta Berberiñak. Bestalde, dagoeneko klasikoak diren Mixikuak, Ur Karruxa, Barriotxinokuak eta Tximista koadrilek ez dute huts egingo. Eta ibilbide luzea daramaten Josu Belea Makil Idorrean eta Xerinkeneko Gaxen taldeak ere ariko dira.
Lehia gutxiago, harreman gehiago
Hala ere, aurten lehiakortasuna baino gazteria eta harremanak saretzeko helburua finkatu nahi izan dute, eta aldaketak egitea erabaki dute. «Egia da, klasifikazioak kriston pikea ematen diotela olinpiadei, baina egoera desegokiak sortzen ditu, eta iaz jasotako barne kritikak aztertuta beharrezkoa zela ikusi genuen, olinpiadak urte asko iraun dezan nahi badugu herrian, eta aurten ez da sailkapenik egingo urtean zehar, maiatzan egingo den proba egunean erabakiko da irabazlea», argitu du Iridoyk. Iragarri dutenez, azken momentura arte ez da jakingo zein probak egingo dituzten, baina «inoiz ikusitako proba astebururik handiena» izango dela iragarri dute. Horrek ez du esan nahi hileroko probetan irabazlerik egongo ez denik, baina hori ez da urte osoko sailkapen batean irudikatuko.
Gainerakoan, urtero bezala, kaleak hartu eta herriari bizia emateko helburua duten proba egunak antolatuko dituzte. Iaz bezala, talde parte hartzaile guztiek izango dute urtean zehar hitzorduren bat antolatzeko ardura. Azaroak 30eko irekieraren ondotik, abenduak 18, urtarrilak 19, otsailak 8, otsailak 28ko Parodia gaualdia, martxoak 22, apirilak 27 eta ekainaren 7an Alamedan antolatuko duten kontzertuarekin itxiko dute, maiatzako probetan herri olinpiaden irabazleak nortzuk izango diren dagoeneko erabakita izango dutela.
Euskararen erabileraz hausnartzeko aukera
Aurten proba berriak antolatzeko ahalegina egin dute. Eta iazko mendi, itsaso, ondare proba edota parodia mantenduko dituzten arren, aurten hainbat nobedade izango dira. Lemixiko Eguna (azaroaren 30ean) Abenduaren 3ko Euskararen Egunaren atarian egingo denez, herrian euskararen erabilerak izan duen bilakaera kezkagarria aintzat hartuko dute. «Olinpiadetan beti saiatu gara euskara eta euskal giroa sustatzen, eta hein batean uste dut lortu egin dugula» dio Komite Olinpikoko kideak, baina 400ndik gora gazte biltzen dituen ekimena aproposa dela uste du Soziolinguistika Klusterraren azken datu kezkagarriak ezagutzera emateko. Izan ere, hondarribitarren %72a euskalduna bada ere, 2021ean erabilera %16koa zen kalean, bost urte lehenago %24koa zen bitartean, eta gazteen artean %10era ere ez da heltzen gaur egun. Errealitatea gogorra dela aitortu du Garoa Lekuona Euskara zinegotziak hainbatetan, eta Euskara Mahaia ekainean martxan jarri zenetik herrian, Euskara Plan Estrategiko berria ere garatzen hasi dira 44 ekintza zehatzekin. «Hondarribia momentu honetan ez da herri euskaldun bat, erdara nagusi duen herri euskalduna baizik, eta erabilera gehiago apalduko bada…» ohartarazi du Lekuonak.
Ildo horretatik, Komite Olinpikoak mezua jaso du, eta gazteei helarazi nahi die ozen. «Egia da gazteoi botatzen zaigula gai askotaz errua beti, baina gai honetan badugu zeresana, eta Klusterraren datuak publikoak dira, baina gazteak informatu eta gogoeta egin dezaten nahi dugu. Gero norberak ikusiko du zer erabakitzen duen», argitu du Urko Iridoyk.