Jaime altuna ramirez

«Hondarribia herri txikia eta euskalduna delako iruditegia dago, baina ez da hain herri txikia, ezta hain euskalduna ere»

Koldo Nausia 2024ko aza. 25a, 11:31

“Hizkuntzaren funambulistak” solasaldia emango dute Jaime Altuna eta Miren Artetxek Hondarribiko Kultur Etxean, azaroaren 26an, 19:00etan. Altunak aisialdi denboran eta eskolaz kanpoko jardueretan nerabezaroan ematen diren hizkuntza dinamikak aztertu zituen izen bereko doktore-tesian. «Euskara biziberritzearen gaineko ardura ez nieke gazteei leporatuko», dio antropologoak «nerabeak gizartean gertatzen denaren adierazgarri besterik ez dira».

Abenduaren 3an, Euskararen Nazioarteko Eguna dela eta, zer aldarrikatu eta zer ospatu egongo da eskualdean. Baina hausnartzeko aukera ere emango du Hondarribiko Blagan euskara elkarteak. Motorrak berotzeko, azaroaren 26ean, astearte honetan, Jaime Altuna Ramirez antropologoak “Hizkuntzaren funambulistak” solasaldia emango du Kultur Etxean, 19:00etan. Miren Artetxe Sarasola hendaiarrak gidatuko du hitzorduan, Altunaren doktore-tesiaren oinarrietan sakonduko dute. “Hizkuntzaren funambulistak: hizkuntza-sozializazioa kirol eremuan adin eta generoan ardaztuta” tesiaz ari gara.

Nerabezaroan ematen diren hizkuntza dinamikak aztertu zituen horretarako Altunak, bereziki aisialdi denboran, eskolaz kanpoko jardueretan ari direnean. Aipatu digunez, 2016tik 2019ra gazte-nerabeak entzun eta haien iritziak aintzat hartuz osatu zuen azterlan etnografikoa. «Gazteen harreman eta egoera ez formalak hartu nituen kontutan, eskolaz kanpoko dantza eta kirol jardueretan», argitzen du antropologoak. Baina tesiaren aztergaia nerabeak izanik, ondorioak ez dira soilik haien hizkuntza ohiturei buruzkoak izan. «Euskararen biziberritzearen gaineko ardura ez nieke gazteei leporatuko, helduok ere asko dugu esateko, eta gazte-nerabeak gizartean gertatzen ari denaren adierazgarri izan ohi dira», dio Altunak. 

«Hondarribian hizkuntza zerbait sinboliko bezala hartu da, baina gero egunerokoan euskarak presentzia handirik ez du izan»

Zentzu honetan, Euskal Herri mailako ondorio orokorrak atera baditu ere, Hondarribian proposatzen duen solasaldian ezin estali daiteke herriko euskararen erabilerak azken urteetan jasan duen beherakada kezkagarria. «Hondarribia kasu berezia da, Bizkaian Bermeon gertatzen ari da horrelako zerbait ere, eta ondo aztertu beharko lirateke atzean dauden arrazoiak», azaltzen du antropologoak, baina herrian bizi denez gero, hizkuntzarena bigarren plano  batean geratu dela ohartu da. «Hizkuntzaren aldetik badira ezaugarri batzuk adierazten digutenak planifikazio eta interes falta egon dela, ez administrazioaren partetik soilik, orohar baizik. Eta hizkuntzarena zerbait sinboliko bezala hartu da, baina gero eguneroko errealitatean presentzia handirik ez du izan», pentsatzen du. Hortaz gain, iruditeria errealitatearekin  bat ez datorrela uste du: «Hondarribia herri txikia eta euskalduna delako iruditegia dago, baina 18.000 biztanle ditu, Gipuzkoa mailan 10 handienen artean sartzen da, ez da hain herri txikia, ezta hain euskalduna ere». 

Bertako ezaugarriek eta dinamika orokorrek azaldu dezakete Klusterrak 2021ean plazaratutako datuak. Bost urtean behin egin ohi duten kale-entzuketan, 2016ko %21etik %16ra apaldu baitzen kale erabilera, eta gazteen artean ez zen %10era ere heltzen. Baina bere tesiaren ondorioen hari beretik, «gazteen artean datuak oso apalak diren bezala, bestela ere datu oso kaxkarrak dira adin tarte guztietan, Hondarribiko auzo guztietan, eta salbatzen den bakarra haurren euskararen erabilera da. Hau da, haurren presentzian dauden heldu horien euskararen erabilera ez balitz egongo, euskararen presentzia oso oso apal legoke», ohartarazten du antropologoak. 

«Gazteen artean datuak oso apalak diren bezala, bestela ere datuak oso kaxkarrak dira Hondarribiko auzo eta adin tarte guztietan, haurren erabilera da salbatzen den bakarra»

Hondarribian, Bermeon bezala, «zerbait gertatu da sozialki, kulturalki, eta alarma guztiak piztuta egon beharko lukete» bere ustez, baina argi du hausnarketa sakona eskatzen duela, kolektibo zehatzak errudun izendatu gabe. «Alarma erakusteko adierazgarri diren gazteei ez nieke begiratuko, azken 40 urteetan euskararen biziberritze prozesuan beti jarri dugu nerabeengan begirada», dio, erabileraren apaltzea inoiz baino egoera kritikoagoan dagoen bitartean. Beste faktore batzuk daudela agerikoa izanik, bere tesian aztertu eta astearte honetan proposatzen duen solasaldian hausnartu ahal izango dute hurbilduko direnek. Alde Zaharreko Kultur Etxean 19:00etan emana du hitzordua Blagan euskara elkarteak, ate zabalik. 

Argazkia: atarian.eus